}

Bonbillak hobetzeko, nahikoa laser-pultsu bat

2009/07/26 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

60 watteko goritasun-bonbilla batek 100 watteko bonbilla batek adina argi ematea lortzeko bide bat asmatu dute New York estatuko Rochester Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Eta horretarako erabili duten gauza bakarra laser argia izan da. Horra hor kontsumo txikiko lanparek eskaintzen duten abantaila handienetako bati aurre egiteko modua!
Erabilitako laser izpiak gai dira, duten berotasunarekin, metala urtzeko; pultsuen iraupena oso txikia bada, berriz, metalaren molekulak berrantolatu soilik egiten dira.
Alan Chan

Goritasun-bonbillei buruz hitz egiten denean, askotan nabarmentzen da oso eraginkortasun txikia dutela. Eta ez dute arrazoirik falta hori esaten dutenek. Hain zuzen, goritasun-bonbillek kontsumitzen duten elektrizitatearen % 10 besterik ez dute erabiltzen argia igortzeko; gainerako energia guztia bero bilakatzen da.

Irudi dezake energia asko eta asko galtzen dutela alferrik bonbillok, baina ez da horrela. Goritasun-bonbillek ezinbestekoa dute tenperatura altuak hartzea argia igortzeko, beren izenak berak adierazten duen bezala goritu arte berotu behar baitu bonbillek barruan izaten duten wolframezko (edo tungstenozko, bi izen baititu material horrek) harizpitxoak.

Harizpiak ingurune-kondizio normaletan berotuko balira hain tenperatura handiak hartu arte, lurruntzera iritsiko lirateke. Horrelakorik ez gertatzeko sartzen dituzte beirazko anpuluetan, eta barruan hutsa egiten dute edo gas inerte batez betetzen dute. Anpulu horri metalezko zorro bat jartzen diote, beharrezko elektrizitate-konexioak egiteko. Eta, oinarrian, listo, horixe dira goritasun-bonbillak.

Goritasun-bonbillen aurrean, kontsumo txikiko lanparek % 80 energia gutxiago erabiltzen dute, funtsean, askoz bero gutxiago behar dutelako argia egiteko. (Argazkia: Jeramy).

Hobetzeko, laser-pultsu bat

Goritasun-bonbillen aurrean, kontsumo txikiko lanparek % 80 energia gutxiago erabiltzen dute, funtsean, askoz bero gutxiago behar dutelako argia egiteko. Rochester Unibertsitateko ikertzaileek ez dute lortu bonbilla jakin batek gutxiago kontsumitzea; elektrizitate berdina kontsumituz argi gehiago igortzea baizik.

Ez ziren berariaz horrelakorik bilatzen ari. Hainbat esperimentu egiten ari ziren laser-pultsu ultraazkarrekin, eta ikusi zuten laser izpi horiek gai zirela hainbat metalen egitura aldatzeko; hau da, metal horien atomoak berrantolatzeko. Bonbillen barruko wolframezko harizpiarekin probatu zutenean, ikusi zuten argi gehiago igortzen zuela antolaketa berriarekin.

Azaldu dutenez, wolframezko harizpiari femtosegundo bateko laser-pultsuak igorri zizkioten; alegia, segundo baten mila bilioiren bateko iraupenekoak. Oso garrantzitsua da laser-pultsuak iraupen txikikoak izatea, laser izpi horiek gai baitira, duten berotasunarekin, metala urtzeko. Pultsuen iraupena oso txikia bada, berriz, metalaren molekulak berrantolatu soilik egiten dira, ez dira urtzera iristen. Nolabait, oso-oso azkar berotu eta hozten dira. Laser-pultsua jasandakoan, wolframa belztu egiten dela esan dute ikertzaileek.

Wolframezko harizpiak ingurune-kondizio normaletan berotuko balira hain tenperatura handiak hartu arte, lurruntzera iritsiko lirateke.
Umberto Salvagnin

Molekula-antolaketa berriarekin, wolframak askoz argi gehiago ematen du, elektrizitate gehiago kontsumitu gabe. Belztean, erradiazioa jasotzeko eta igortzeko gaitasuna handitzen zaio, nonbait, wolframari.

Ikertzaileek, noski, adierazi dute esperimentu horrek izugarrizko arrakasta izan lezakeela merkatuan. Iraupen txiki-txikiko laserrak oso garestiak direla ere esan dute, baina eskala handian erabilita, izugarri txikituko litzatekeela bonbilla bakoitza tratatzeak izango lukeen kostua.

Egia esan, ez dakigu merkatura ateratzera iritsiko diren edo ez; goizegi da, seguru asko, horrelako iragarpenak egiteko. Hala ere, ikusi beharko litzateke laser superazkar horien bidez tratatzean xahututako adina energia berreskuratzen ote duten bonbillek, energia eraginkortasun handiagoarekin lortzen duten...

7K- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia