}

Boeing-en bidaiari-hegazkin erraldoia

1991/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken aldian United Airlines konpainiak 68 hegazkin eskatu dizkiolako, Boeing etxeak B777 eredua egin ahal izango du. Hegazkin erraldoi hau 390 bidaiari 7.700 kilometrora eramateko gauza izango da. Bi erreakzio-motore izango ditu eta aireratzeko unean 230 tona inguru pisatuko du.

Hegazkin honek lehia gogorra izango du urtebete lehenago egiten hasi ziren Airbus A330 europarrarekin, bi hegazkinak oso antzekoak direlako. Hegoetan diferentzia bat badute ordea, zeren eta lurrean eta hangaretan maniobrak errazago egin ahal izateko Boeing-ari hegoak bildu egingo bait zaizkio zabalera 60 metrotik 47,5 metroraino laburtuz.

Bere birreaktorearentzat Boeing etxeak hegalaldi-aginteetarako transmisio elektrikoa aukeratu du, Airbusak bezalaxe.

Dena dela, Boeing etxeak hau baino eredu astunagoa (270 tona pisatuko luke) egiteko asmoa ere badu. 320 bidaiari 12.300 kilometroraino eramango lituzke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia