}

Bizkarrezur-muina berreraikitzeko 'aldamioak'

2004/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kaltetutako nerbio-zelulei hazten laguntzeko mekanismo bat diseinatu dute Chicagon, eta ikertzaileek uste dute baliagarria izan daitekeela zauritutako bizkarrezur-muinak konpontzeko.

Bizkarrezur-muina moztuta geratuz gero, nerbioek ezin dute geratzen den tartean hazi alde biak lotzeko. Orain arte, nerbioen hazkuntza errazteko, zubiak eraikitzen saiatu dira ikertzaile asko. Horretarako material solidoak erabili dituzte, baina horiek aplikatzeko behar den kirurgia inbaditzaileak arrisku handia du muinean kalte gehiago sortzeko.

Chicagoko ikertzaileek, ordea, likido batekin egin dute zubia. Soluzio likidoa bizkarrezur-muinean injektatzean, gel-erako solido bihurtzen da, eta nerbio-zelulek egitura hori erabil dezakete hazteko. Egitura 4-6 aste geroago desintegratzeko diseinatu dute.

Edozein modutan, baliteke nerbioek zailtasunak izatea berriz hazteko, bizkarrezur-muina zauritu eta gero orban zeharkaezin bat sor daiteke eta. Arazo hori konpontzen saiatuko dira soluzioari orbana apur dezaketen entzimak gehituz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia