}

Bizitzaren taupadak

2001/09/09 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Har ezazu atsedentxo bat eta ezertan pentsatu gabe txaloak jo. Esperientzia horren bidez ohartu dira ikertzaileak guztiok erritmo berdintsuan egiten dugula txalo. Baina nola liteke hainbesteko sinkronizazioa egotea? Dirudienez, barne-erritmoa da horren erantzule, baina baita gizakiak denboraren jarraitutasuna igartzeko duen gaitasunarena ere.

Ezertan pentsatu gabe txalo eginda, 600 milisegundoko txalo bat jotzen omen dugu, hau da, segundoko ia-ia bi txalo. Ikertzaile batzuen arabera, barne erritmoak bultzatzen gaitu horretara. Baina musika egiteko ez ezik, burua eta gorputza koordinatu, eta denboraren jarraitutasuna hautemateko ere beharrezkoa da. Horregatik, erritmo hori norberaren izatearen muina dela adierazten ere ausartzen dira ikertzaileak.

CNRSko (Ikerketa Zientifikorako Zentro Nazionala) Carolyn Drake da gizakiak barne- erritmoa duela dioen adituetako bat. Bere adierazpenak urte luzeetan pertsona helduekin eta haurrekin egindako ikerketetan oinarrituta daude. Bere hitzetan, "jendearen ibiltzeko erritmoa, bihotz taupadak eta haurraren titia hartzeko erritmoa eskala berean daude". Kanpo keinu bat ezean, jarduera guztiek erritmo bera jarraitzeko joera dute, eta harrigarria da pertsonek zenbaterainoko bateragarritasuna duten ikustea.

Erritmo horiek landu dituen beste aditu bat Montrealeko Unibertsitateko Daniel Levitin da. Bere aburuz, "guztiok gara erritmoak zehaztasunez jarraitzeko gai". Levitinek, pertsona batzuei bertsio bakarrean entzun eta ongi ezagutzen zuten kantu bat abesteko galdegin zien, eta guztiek oso erritmo ona dutela erakutsi zuten. Zaila da esplikatzen gidatzeko barne-metronomorik izan ezean! A, eta dantzarako eta musikarako erritmorik ez duela dioenak, aurrerantzean, ez du aitzakiarik; nahikoa du bihotzaren taupadak entzutea!

Barne-erritmoa, mundua ulertzeko oinarria

Baina, esan bezala, barne-erritmoak ez du ongi kantatzeko bakarrik balio. Reiss Jonesek eta Drakek mundua pultsazioetan sentitzen dugula uste dute. Entzumena eta ikusmena kontrastean oinarritzen diren bezala, aldatzen diren gauzetan arreta jartzea errazagoa da. Denboraren pertzepzioarekin ere horrela gertatzen da. Draken aburuz, segundoan bi aldiz egiten dugu munduaren errepasoa, ikusten edo entzuten duguna aldatu den jakiteko. Horrela iragazten omen dugu bestela itoko gintuen kanpo informazioa. Gainera, barne-pultsazioek kanpoko denbora markatzen dutela uste dute. "Bestela ezinezkoa litzaiguke gertakari bat beste baten ondotik datorrela hautematea". Berezko erritmorik gabe galdu egingo ginateke guztia batera gertatuko litzatekeen mundu batean.

Lotura handia dago dantzarako eta denbora hautemateko gaitasunen artean.

Hala ere, barne-erritmoa adinarekin aldatun egiten dela dio Drakek. Hori izan da behintzat 4 eta 20 urte bitarteko haur eta gazteekin egin zuen ikerketa baten emaitza. Drakek bi erritmo desberdin jo, eta entzuleei bietarik mantsoena identifikatzeko galdegin zien. Haurrek zehatzago erantzun zuten pultsazioen arteko tartea 400 milisegundo ingurukoa zenean, eta nagusiek, berriz, 600 milisegundokoa zenean. Draken iritziz, "pertsona helduek informazio gehiago metatzen dute une oro, –adibidez, gidatzean–. Horregatik, garunari informazioa ulertzeko nahikoa denbora ematearren, pultsazioen erritmoa mantsotu egiten dute eta inguruari errepasoa gutxiagotan egiten diote".

Hala ere, behar denean, pultsazioen maiztasuna aldatzeko gai gara. Gauza asko denbora eskala txikiagoan edo handiagoan gertatzen dira eta, horregatik, barne-erritmoa egokitu egin behar da.

Bestalde, Albert-László Barabási fisikariak ikuskizun baten ondoren publikoak jotzen dituen txaloak aztertu zituen. Arraroa bada ere, entzuleen txaloak, txalo guztien bataz besteko maiztasunaren erdira sinkronizatzen direla ohartu zen. Sinkronizatzeko joera hori ibiltzean edo dantzatzean ere agertzen da.

Erritmoa hizkuntzak ikasteko ere erabiltzen dugula dioenik ere bada. Frank Ramusek hizkuntza desberdinetako esaldiak hartu eta silaba guztiak "sa" soinuarekin ordezkatu zituen. Ondoren, ama hizkuntzaren erritmoa mantenduz, bakoitzari esaldia ahoskatzeko galdegin zion. Ariketa horren entzule ziren bi hilabeteko haurrak beren ama-hizkuntzaren erritmoa identifikatzeko gai izan ziren. Ramusen ustez, "hizkuntza ikasteko, haurren garunean erritmoarekiko sentsibilitatea garatzen da".

Garunaren zein parte aktibatzen da?

Ikertzaile guztiak bat datoz erritmoak garunean bere tokia duela esatean, baina oraindik ez dago argi zein partetan. Ikertzaile batzuen arabera, garunaren bi partek erantzuten dute erritmoaren aurrean; mugimenduak koordinatzen laguntzen duen parteak eta espazioa hautematean eta hitz egitean aktibatzen denak.

Denboraren pertzepzioa da musika ondo jotzeko gakoa.

Scott Kelso ikertzailearen ustez, berriz, erritmoa garuneko bi zatiri soilik lotzea problema asko sinplifikatzea da. "Egoera desberdinetan, garunaren zatiek portaera erritmiko desberdinak espresa ditzakete". Kelsok, metronomo baten pultsazioekin batera eta metronomoaren pultsazioen artean txalo egiteko eskatuta garunaren zein parte aktibatzen den ikertu zuen eta bigarren ariketan, zailagoa izaki, garunaren zati gehiago aktibatzen direla ikusi zuen.

Dena dela, garunaren zati bat edo zati asko aktibatu, argi dagoena zera da; guztiek dugula barne-erritmoa eta, beraz, musika entzutean, guztiei sartzen zaigula dantzarako gogoa. Ez al da horrela?

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia