Bizidun zelulaniztunak uste zena baino askoz lehenagotik egon daitezke Lurrean
2014/10/01 Jauregi Larretxea, Oihana - Elhuyar Zientzia
Lurra sortu eta milaka miloi urtean organismo zelulabakarrak baino ez ziren bizi izan gure planetan. Orain arte ikertzaileek uste zutenaren arabera, organismo horiek bilakaera bortitz bat jasan zuten duela 540 miloi urte inguru, eta espezie berri asko sortu ziren, haien artean, lehen izaki zelulaniztunak. Gertaera horri Kanbriarreko eztanda esaten diote.
Baina, Virginia Tech College of Science zentroko talde batek egin duen ikerketaren ostean, bilakaera hori lehenago has zitekeela ondorioztatu dute.
Aztertu dituzten fosilak ezohikoak dira, organismo txiki eta borobil batenak. Haiek ezaugarriak xehe aztertzea konplexua da, egungo izakiekin alderatuta oso ezberdinak baitira.
Fosiletan izakien hiru dimentsioko egitura kontserbatu zen, eta aztertu ostean, zelulen espezializazio- zantzuak aurkitu dituzte. Horrez gain, badirudi zelulen heriotza-programatua eta ugalketa zelulen bereizketa ere bazutela. Hortaz, ikertzaileek diote ziurrenik fosil horiek ez direla bakterioenak, organismo zelulaniztun konplexuekin antzekotasunak baitituzte.
Nature aldizkarian kaleratu duten ikerketa horrek agerian utzi du, hortaz, izaki zelulaniztunak Kanbriar garai aurretik ere egon zitezkeela Lurrean.
Ikerketan parte hartu duen Shujai Xiao ikertzaileak azaldu duenez, emaitza horien ostean hipotesi berriak sortu dira, besteak beste aurkitutako fosil zelulaniztunak ondorengo animalien eta algen transizio-organismoak izan daitezkeela. Baina zientzialariek diote oraindik asko dagoela ikertzeko, fosil horiek biziaren eboluzioan non kokatzen diren jakiteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia