Biziak salba ditzakeen pozoia
2000/07/30 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Ekologistek DDT pestizida, oso poluitzaile arrikutsu eta iraunkorra delako, lur gainetik desagertarazi egin nahi dute eta badirudi, grina gutxiagoz izan arren, agintariak ere helburu hori lortzearren lanean ari direla. Gaixotasun tropikaletan aditu diren zenbaitentzat, berriz, DDTa malariaren aurkako borrokan duten aliaturik preziatuena da. Balantzak zein aldera egin, hil ala bizikoa izan liteke urtero ia milioi erdi bat pertsonarentzat.
Diklorodifeniltrikloroetanoa, DDTa, 1874. urtean sintetizatu zen lehenengoz eta bere propietate insektizidak Paul Hermann Muller kimikari suitzarrak aurkitu zituen 1939an. Ikertzaileak pestizida zorrien, arkakusoen, eltxoen eta uztak erasotzen zituzten hainbat intsekturen aurka oso eraginkorra zela segituan ohartu ziren eta, ia aldi berean, munduko nazio garatu gehienak erabilera zabaleko pestizida merke hau ekoizten hasi ziren. Eltxoen artean DDTak tifusa, malaria eta sukar horia eragiten dituztenak hiltzen ditu. Horregatik, urte gutxitan era guztietako izurriteen kontrako armarik erabiliena bilakatu zen.
II. Mundu Gerratea amaitu eta berehala, DDTak naturan zituen eraginei buruzko eztabaida hasi zen, ordea. Eztabaida hartan zeresan handia izan zuen Rachel Carson itsas biologoak; izan ere, 1962. urtean emakume honek argitaratutako Silent Spring liburua DDTari buruzko ikuspegia aldatzeko hasiera izan baitzen. Liburuan DDTaren erabilera hainbat txori-espezie galtzearekin erlazionatu zuen eta pestizida eta minbiziaren arteko loturaz ere mintzatu zen. Baina ordurako konposatu kimikoa arrainen, aziendaren eta oro har, bizidun guztien gorputzean zegoen. Gaur egun ere, edozeinen gorputzean aurki daitezke DDT arrastoak.
Geroztik egin diren ikerketen ondorioz, DDTak fetuaren edo ume jaioberriaren sistema immunologikoa kalte eta euren hazkundea oztopa dezakeela, zenbait arrain espezietako arrak eme bilakatzea eragin duela, bizidun guztien hormonen funtzionamendu egokia aztoratzen duela, etab. ikusi da; azken finean, DDTa oso kaltegarria dela frogatu da. Horregatik 70eko hamarkadaz gero pestizida erabiltzeko orduan neurriak hartu ziren –DDTa Nazio Batuek proposatutako hamabi konposatu kimiko poluitzaileenen zerrendan dago; hau da, urte gutxitan desagertarazi behar direnen zerrendan– eta gaur egun herrialde gutxitan eta oso aplikazio zehatzetan erabil daiteke. Erabilera horietako bat, hain zuzen, malaria bezalako gaitzak kutsatzen dituzten eltxoak akabatzea da.
Indarberritutako gaitza
Duela 40 urte zientzialariek malaria desagertarazteko bidean zeudela uste zuten:droga-koktelen bidez gaitza sortzen duen organismo bizkarroia hiltzea lortzen zuten eta DDT intsektizidaz baliatuz, berriz, bizkarroiaren eltxo ostalariarekin akabatu zuten.Baina ustea erdi ustel suertatu zen. Eltxoak insektizida jasateko mekanismoak garatzen hasi ziren eta malariaren eragilea –Plasmodium falciparum organismo bizkarroia– drogarik gehienekiko erresistente bihurtu zen. Gaur egun malaria kutsatzen duten eltxoen erreinua ikaragarri handia da berriz ere. Deforestazioak eta ureztatze-planek eltxoaren larba gara dadin habitat ezin aproposagoak eratu dituzte eta planeta berotzeak gaitza lehen hotzegiak ziren eskualdeetara zabaltzea ahalbidetu du.
Osasunerako Mundu Erakundearen arabera urtero 400 milioi pertsonak harrapatzen du malaria eta nahiz eta gaixotasunak sendabidea izan, bi milioi pertsona inguru hiltzen ditu urtero. Munduako % 40 gaixotze-arriskuan egon arren, gaixotzen diren 10 pertsonatik 9 Sahara azpiko Afrikan bizi dira. Malariak, gainera, haurrak erasotzen ditu, batik bat; 5 urtetik berherakoak dira biktima ohikoenak: zehatzago esanda,, 3.000 bat haur hiltzen da egunero malariaz. Gaixotze eta heriotza gehienak, noski, herrialde pobreenetako jenderik txiroenaren artean gertatzen dira, malariaren kontrako tratamendu egokia emateko gai ez diren herrialdeetan, hain zuzen. Horregatik, prebentzioa ezinbestekoa da.
Eztabaida bizia
Baina hain arazo larriaren aurrean, han eta hemen harturiko jarrerak ez datoz bat. Osasunerako Mundu Erakundeak Roll Back Malaria kanpaina martxan jarri zuen 1998. urtean. Erakundeak 2010. urterako malaria kasuak erdira jaitsi nahi ditu eta urtero milioi erdi bat pertsona salbatu. Horretarako gaitzak jota dauden herrialdeen esku baliabide tekniko eta ekonomikoak jarri dituzte. Kanpainaren ekintzetako bat Afrikako haur bakoitzari intsektizidaz bustitako eltxo-sarea ematea da. Izan ere, malaria kutsatzen duen eltxoak gauez eta etxe barnean erasotzen du, batik bat. Eltxo-sareez gain, intsektizidaz bustitako bestelako materialak ohiko etxe-tresna bilakatu nahi dituzte.
DDTari dagokionez, Osasunerako Mundu Erakundea pestizidari eustearen alde agertu da.Erakundearen arabera ezin zaio DDTa produzitzeari erabat utzi gizakiak malariaz babesteko bide eraginkorrak aurkitu arte. Malariak jota bizidiren herrialdeek denbora eta baliabideak behar dituzte hautabide egoki eta jasangarriak ezartzeko eta bitartean DDTa erabili ahal izango dutela ziurtatu behar zaie. Ez hori bakarrik, erabili ahal izateko adina DDT produzituko dela ere zihurtatu behar zaie. Izan ere, nahiz eta azken urteetan malaria kutsatzen duen eltxoaren kontrako pestizida garbiagoak garatu diren, oraindik orain DDTa eraginkorragoa eta merkeagoa da.
Amerika Erdialdeko Belize estatuan, adibidez, landa guneetako etxeak DDTz ihinztatzeak malaria errotik desagertarazi zuen 60ko hamarkadan. Baina 1980ko hamarkadan ihinztatzeak egiteari utzi ziotenean, malaria kasuak ugaritzen hasi ziren. Ondorioz, berriz ere hasi behar izan zuten etxeak aldizka DDTz ihinztatzen. 1999. urtean DDTa produzitzen zuen Mexikoko fabrikak (mendebaldeko hemisferioko azkenak) porrot eginzuen eta Belize insektizida non erosi ezin geratu zen.Azken urtebetean DDTa baino hiru bider garestiagoa den intsektizida erabili du: eraginkorra da baina malariaren kontrako borrokarako duen aurrekontuaren % 98 jaten dio.Ezer gutxi geratzen da, beraz, bestelako ekintzak martxan jartzeko. Hegoafrikan ere DDTa beste pestiziden alde utzi zuten, baina eltxoak erresistente bihurtu dira eta joan den apirilean berriz ere DDTarekin hasi behar izan zuten.
Osasunerako Mundu Erakundeak DDTa modu kontrolatuan erabiltzen dela eta ingurugiro-arriskua oso txikia dela adierazi du.Argudioak: pestizida arduraz erabiltzen dela eta herrialde askorentzat hil ala biziko babes-mekanismoa dela. Are gehiago, hautabiderik aurkitu ezean hain eraginkorra den armari uko egitea axolagabekeriatzat jo du. Guztiak ez daude ados, ordea.Zenbait lekuetan eta diru-laguntzei esker DDTz baliatzen ez diren toki-programak martxan jarri dira, pestizida hau ez baita beti eraginkorra. Gainera, DDTak emaitza onak ematen dituen eskualdeetan bestelako ikerketa gutxi egiten dela eta pestizidarekiko menpekotasuna bermatuzen ari direla salatu dute. Malariaren kontrako kanpaina indartsu eta oldarkorra martxan jartzeko beharra azpimarratu dute behin eta berriz, malariari aurrea hartzeko metodo berriak aurkitu eta DDTa alde batera utzi ahal izateko. Bitartean, ordea, milioika pertsonaren patua jokoan dago.
Pestizidaren hautabideak
DDTa lehenbailehen desagertaraztearren grin handiz lan egiten duen taldea natura kontserbatzeko WWF erakundea da. WWFk 2007rako DDTa behin betiko produzitzen eta erabiltzen uzteko kanpaina martxan jarri zuen duela pare bat urte. Haien iritziz DDTa debekatzea eta malariaren kontra borrokatzea uztar daitezke. Horretarako India, Filipinak, Hegoamerika, Mexiko eta Mendebaldeko Afrikan ikerketak egin dituzte.
Ikerketetan intsektizidaz bustitako eltxo-sareak, eltxoak erakarri eta hiltzen zituzten aparatuak eta DDTak adina poluitzen ez duten pestizidak txandakako zikloetan erabili zituzten.
Neurri horiei esker Mendebaldeko Afrikan 34 milioi pertsona babestea lortu zen. Tanzaniako zenbait herrisketan gaitza % 50 murriztu zen eta Filipinak osoan, berriz, % 40. WWFk DDTa malariari aurre egiteko tresna eraginkor bakarra ez dela eta hainbat lekutan horren adibideak badirela argudiatzen du pestizidaren kontrako borrokan. DDTa ordezkatzea du helburu eta horretarako herrialde aberatsen laguntza eskatu du, herrialde aberatsek garapen bidean diren herrialdeetatik hain substantzia kaltegarriak baztertzen laguntzeko behar moral eta etikoa baitute. Malariak jotako herrialdeei laguntza tekniko eta ekonomikoa eskaini ezean, DDTa baztertzeko aukerak asko murriztuko lirateke, pestizida hori eraginkorra, oso merkea eta erabiltzeko erosoa baita.
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia