Bizi luzeko geranioa
2005/05/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Geranioa landare gogorra da, eta horri zor dio, neurri batean, leiho eta balkoietan nagusi izatea. Horretaz gain, ederra ere bada; beraz, aproposa da etxe-ingurua apaintzeko. Orain, denbora gehien irauten duen landarea lortu dute ikertzaileek. Eta, hain juxtu, geranioen genero berekoa da.
Bizi luzeko landare hori Regal pelargonium da. Geranio arruntaren neurriko loreak ditu, baina itxura berezia dute, eta baita kolorea ere. Loreak zuri-zuriak dira, eta goiko bi petaloek ardo-koloreko arrastoak dituzte.
Hain lore berezia, ordea, ez da ausaz sortu; hogeita hamar urteko lanaren ordaina da. Landare egokiak aukeratuz eta gurutzatuz lortu dute ikertzaileek, eta harro daude emaitzarekin. Landareak lore ugari ematen ditu, eta loraldiak talde bereko landareetan baino luzaroago irauten du. Gainera, loreak moztu eta ontzian jarrita, ez dira itsusten ez zimeltzen bi aste pasatuta ere. Etilenoarekiko besteek baino sentikortasun txikiagoa duelako gertatzen omen da hori.
AEBetako Pennsylvaniako Unibertsitatean lortu dute superlorea, eta datorren urteko udaberrian merkaturatzeko asmoa dute.