}

Bitamina-gehigarriak, osasungarriak?

2006/07/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gero eta jende gehiagok hartzen ditu bitamina- eta mineral-gehigarriak. Nola eutsi, bestela, gaur egungo bizimoduaren martxari? Gehigarriak hartu ezean, ahuldu eta gaixotu egingo liratekeela iruditzen zaie askori. Kalte behintzat ez diete egingo, ezta? Ala bai?
Jende askok uste du ezinbestekoa dela gehigarriak hartzea eguneroko martxari eusteko.

Jendeak uste duen bezain onak eta arrisku gabeak ote dira bitamina- eta mineral-gehigarriak ?

Horixe jakin nahi izan du AEBetako Osasun Institutuak (NIH), eta, luze eta sakon aztertu ondoren, badirudi gehigarriak ez direla beti eta denentzat onuragarriak. Are gehiago, kaltegarriak ere izan daitezke.

Aurkia eta ifrentzua

Gehienen iritziz, horrelako gehigarriek ez dute inolako kalterik egiten.

AEBetan oso zabalduta dago bitamina- eta mineral-gehigarriak hartzeko ohitura: bi pertsona heldutik batek hartzen ditu. Euskal Herrian hain ohikoa ez den arren, gero eta gehiago kontsumitzen dira, eta erraz eros daitezke edozein farmaziatan edo belar-dendatan.

Batez ere, osasunaz arduratzen direnek hartzen dituzte. Nonbait, ez daude ziur janarien bidez hartzen dituzten bitaminak eta mineralak nahikoak direnik, eta organismoak behar duen gutxienekoa barneratzen dutela bermatu nahi dute.

Batzuetan, hala jokatzen dutenek asmatu egiten dute. NIHk egindako azterketan, ikusi dute zenbait kasutan gehigarriak mesedegarriak direla. Esate baterako, menopausia-garaitik aurrera, kaltzioa eta D bitamina hartzea komeni zaie emakumeei, osteoporosia prebenitzeko. Haurdun daudenei, berriz, azido folikoa hartzea komeni zaie, umearen bizkarrezurra behar bezala gara dadin. Eta adineko jendearentzat onuragarriak dira zinka eta antioxidatzaileak, erretinako arazoak izatea saihesteko.

Alabaina, horrek ez du esan nahi bitamina- eta mineral-gehigarri guztiak onak direnik denentzat. Zientzialariek aspalditik dakite zenbait bitamina metatu egiten direla gorputzean. Ondorioz, behar baino gehiago hartzen badira, kaltegarriak izan daitezke.

Horren adibide dira A bitaminaren aurrekari batzuk, beta karotenoak hain zuzen. Gehiegi hartuz gero, gibeleko arazoak sortzen dira, eta abortatzeko arriskua areagotzen da. Horretaz gain, beta karoteno gehiegi hartzea bereiziki arriskutsua da erretzaileentzat. NIHren azterketan ikusi dutenez, bitamina hori hartzen duten erretzaileek gainerakoek baino aukera gehiago dute biriketako minbizia izateko.

Lanean segi behar

Gaur egun, janari asko bitaminatan eta mineraletan aberastuta daude.

Aurrekoak muturreko kasuak badira ere, ederki adierazten dute zenbaterainoko kaltea egin dezaketen gehigarriek. Horrenbestez, NIHk uste du hobe dela bitamina- eta mineral-gehigarririk ez hartzea, ez bada medikuaren aginduz.

Bestalde, NIHk berak aitortzen du ikertzen jarraitu beharra dagoela. Orain arte gaiari buruz egin diren ikerketa guztiak aztertu ditu, eta hortik atera ditu aipatutako datuak eta ondorioak. Baina ez da nahikoa. Adibidez, ez dakite zehatz-mehatz zenbaterainoko eragina duten bitamina- eta mineral-gehigarriek osasunean, bestelako faktoreek ere hartzen baitute parte.

Esate baterako, moda-modan daude bitaminatan eta mineraletan aberastutako produktuak , eta, askotan, kontsumitzaile berak hartzen ditu produktu horiek eta gehigarriak. Aitzat hartzea komeni den beste faktore bat botikekin duten elkarrekintza da; izan ere, zenbait botikaren eta bitaminaren artean elkarrekintza dago, eta gerta liteke botikaren eragina areagotzea, edo alderantziz, apaltzea.

Bukatzeko, aipatzekoa da AEBetan ondoen elikatuta dauden pertsonak direla, hain justu, bitamina- eta mineral-gehigarriak hartzeko ohitura handiena dutenak, eta desnutrizio-arazoak izateko arriskua duten taldeek, berriz, ez dutela halakorik hartzen.

7K-n argitaratua.