Bisonte basatien migrazioek ekosistemari mesede egiten diotela frogatu dute
2025/08/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Yellowstoneko bisonte-taldeen migrazioek lurreko mantenugaien zikloak hobetzen dituzte eta mesedegarriak dira larre-ekosistemen osasunerako. Hala baieztatu dute Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Horrenbestez, bisonteak berrezartzea ekosistemak leheneratzeko eraginkorra izango litzatekeela ondorioztatu dute.
Historikoki, Ipar Amerikak dozenaka milioi bisonte basati zituen, eta haien urtaroko migrazioek kontinenteko larre-ekosistema zabalak eraldatu zituzten. Gaur egun, ez dira 400.000 bisonte inguru baino geratzen, eta ia guztiak, lur pribatuetan edo parke eta erreserben barruan bizi dira, talde txikietan. Ikerketek iradokitzen zuten arren bisonteen habitatak hedatzeak eta migrazioak bultzatzeak ekosistemak hobetzea ekarriko zukeela, ezin zuten ziurtatu, denak eremu mugatuetan bizi baitira. Orain, ordea, Yellowstoneko iparraldeko ekosisteman bisonteen migrazioak berrezartzeak laborategi natural bat izateko aukera eman die ikertzaileei, belarjale handiek paisaia eta ekosistemak nola moldatzen dituzten aztertzeko.
Hala, 2015 eta 2022 artean, bisonteen dinamikak karbonoaren eta nitrogenoaren zikloan, landare-komunitateetan eta lurzoruaren mikrobiologian duen eragina aztertu dute, 16 gunetan banatutako hiru habitat nagusitan. Hala, ikusi dute bisonteek landare-ekoizpena egonkortzen dutela, lurzoruaren nitrogeno-edukia handitu, eta larreen nutrizio-kalitatea hobetu. Onura horiek are nabarmenagoak dira bisonte-dentsitatea gomendatu ohi dena baino handiagoa zen lekuetan; bereziki, gune heze eta mantenugaietan aberatsetan.
Egileen arabera, aurkikuntzek erakusten dute belarjale migratzaile handien balio ekologikoa ez dagoela soilik tamainan, baizik eta kopuruan, dentsitatean eta migratzeko askatasunean. Eta berretsi dute bisonte basatiak eremu zabaletan berrezartzea baliagarria izango litzatekeela ekosistema leheneratzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia