}

Birus tropikala kaltegarriagoa da estatubatuarrentzat

2001/11/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Science aldizkariko web gunean argitaratukoaren arabera, Mendebaldeko Niloko birusak, Hego eta Erdialdeko Amerikan zabalduz gero, ez luke Estatu Batuetan adinako osasun-arazorik eragingo.

Mendebaldeko Niloko birusa flabobirus bat da, dengea, sukar horia, entzefalitis japoniarra eta San Luiseko entzefalitisa sortzen dituzten birusen familia berekoa, eta 1999an azaldu zen lehen aldiz New Yorken . Geroztik Kanadan eta Estatu Batuetako eki eta mendebaldean zabaldu da eta, aurten bertan, 42 adindu gaixotu eta bi lagun hil dira Estatu Batuetan.

Gaixotasuna Afrikako eta Asiako hainbat herrialdetan endemikoa izan arren, ikerketa gehiago egin dira Atlantikoaren bestaldera zabaldu zenetik. Horietako bat Texasko Unibertsitateko Robert Tesh-ek zuzendu du eta Tropikoko Osasun eta Higiene Elkartearen urteroko 50. bileran aurkeztu zuen azaroaren 14an. Dirudienez, birusa Hego eta Erdialdeko Amerikara hedatzeko arriskua dago eta ikerketaren helburua hedapena aurreikustea zen. Horren arabera, birusak ez luke hasieran uste zen adinako arazorik sortuko Amerika tropikalean.

Ikerketa horretan, hainbat flabobirus jasandako hamsterrak Mendebaldeko Niloko birusaz kutsatu zituzten, eta gaitzaren aurrean erresistenteak zirela ikusi zuten. Familia horretako birusekin harremanik izan ez zuten hamsterrak, aldiz, gaixotu eta hamar egun geroago erdiak hil egin ziren. Beraz, badirudi beste flabobirusekin harremana izateak Mendebaldeko Niloko birusaren aurkako babesa sortzen duela. Horrela, birus horrentzako txertoa lortzen den artean, dagoeneko dauden txertoen bidez (adibidez entzefalitis japoniarraren aurkako txertoa hartuta), nolabaiteko babesa lor daiteke. Dena dela, jadanik ari dira probatzen Mendebaldeko Niloko birusaren txerto espezifikoa animalietan.

Informazio gehiago:

Mundu osora zabaldu den birusa

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia