Elhuyar zientziaren komunikazioa

Bioteknologiaz Andrew Willetts-ekin solasean

1986/06/01 Ugalde, Unai Iturria: Elhuyar aldizkaria

Andrew Willetts, Birminghan-en jaio zen 1946an; doktoregorako ikasketak Liverpool-eko Unibertsitatean egin zituen, mikrobioei dagokien biokimikan espezializatuz, eta Britainia Haundiko beste Unibertsitate batzutan postgraduko ikerketak egin eta gero izan zen Exeter-eko Unibertsitatean Biokimikako Profesore izendatua.
Willets doktorearen espezialitatean, "interes industrialeko mikrobioen Biokimikan"n, ikerketa garrantzitsuak egin ditu polietilen glikol-en degradazioaz, butano 2,3 diol-en produkzioa lortzeko fermentazio bidez. Baita metanol-aren karbonoa iturri bezala hartuta, proteinen produkzioa lortzen ere.
Ikerketa hauetan aritu eta ICI eta BP industria ahaltsuekin proiektu batzutan lanean, aritu eta ekintza hauek direla medio izan du Unibertsitate eta Enpresa arteko esperientzia baliotsua lortzeko aukera.
British Council eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkartruke-programari esker izan genuen Willetts doktorea bi asterako Euskadira inbitatzeko aukera. Hemen erakutsi genizkion Euskal Herriko bioteknologi mailan aipagarrienak diren industriak: papera, zura eta lurgintza-abereekiko sailetan, batez ere.
Elkarrizketa honetan, Andrew Willetts-en inpresioak jasotzen dira bioteknologi aldetik gure Herriak atera ditzaken posibilitateak aztertuaz.

Elh.- Bioteknologia hitz berria da egun; darabilgun hitz-multzoa. Hitz horrekin zer adierazi nahi den esango al diguzu? eta aldi berean zientziaren eta negozioen munduan zergatik ari da horren hitz garrantzitsu bihurtzen?

Willetts.- Bioteknologia biozientzia aplikatuen eremu bat da. Bere baitan organismo biologikoen edo berauen osagai intrazelularren aplikazio praktikoa, (manufaktura industrialetik ingurugiroaren gestioraino) hartzen du. Bioteknologiak, hartzidura-prozesuak (garagardoena, ardoena, gaztena, antibiotikoena eta txertoena beste batzuren artean), uraren eta hondakinen tratamenduak, elikagaien teknologia eta azkenaldian etengabe zabaltzen ari den eremu bat (metalen berreskurapena esaterako) hartzen ditu. Bioteknologiaren aplikazio arrakastatsuak disziplina zientifiko askoren uztartzea eskatzen du. Hauen artean, mikrobiologia, biokimika genetika, biologia molekularra, kimika eta injinerutza kimikoa aipa daitezke.

Elh.- Zer ekarpen egin liezazkioke, zure ustetan, bioteknologiak gizateriaren etorkizunari?

W.- Bioteknologiak hedatzen ari diren industri eremu asko eragiten ditu, hauen artean nekazaritza, janari-industriak, industri farmezautikoa, energiaren industria eta uraren tratamendua daude. Paper garrantzitsua izango du:

    Droga, hormona, txertu eta antibiotiko berrien ekoizpenean.
    Antibiotikoen erabilpenean eta energi iturri gidagarriago eta merkeagoaren ustirapenean eta
  1. ingurugiroaren kontrol eta hondakinen tratamendu egokiagoan.
Elikagien prestakuntzan garrantzi handia du bioteknologiak.

Bioteknologia material berreskuragarri eta birziklagarrietan oinarrituko da nagusiki, hots, baliabideak urri eta garestiak izango diren mundu baten beharrak asetzeari lotu beharko zaio.

Elh.- Zu Britaina Handitik zatoz, hau da, herri garatu batetik. Egun hauetan Euskal Herrian izan zara. Zein eritzi jaso duzu hemengo ikerketa eta zientziaren egoeraz?

W.- Edozein herrirentzat zientzia eta teknologia hel daitekeen maila goreneraino eramatea helburu garrantzitsua da, baldin eta Herriaren baliabideekin ahalik eta gehiena egin nahi bada. Zientzia eta teknologian ari direnek, eragin handia dute edozein Herritan. Adibide legez, eta badakit adibide bezala ez dela egokiena, argigarria gerta liteke Japonia kontutan hartzea. Japonia, ugarteetara mugatutako Herria da. Baliabide material mugatuak ditu eta egindako esfortzuei esker munduan lehen mailako potentzia bihurtu da.

Euskal Herrian egin dudan egonaldian, maila altuko ikerkuntzan zenbait jende ari den ikusteak inpresionatu egin nau. Jende horren eragina areagotua izan badaiteke, Euskal Herriaren etorkizuna, (egoera edozein izanik ere) ziurtatuta dago. Hala ere, badago arrisku handi bat tartean, errekurtso finantzario mugatuak dituen herria izanik batez ere, eta hauxe da; zientziarako, ikerketarako eta edozertarako ez dagoela nahiko diru, ez dagoela ezer egiterik pentsatzea. Ez dut ukatuko; honelako jarrera negatiboa duen jendea topatu dut nere bisitan. Jarrera positiboko jendearen helburuetako batek, exenpluaren bidez jarrera negatiboak deuseztatzea izan behar du.

Elh.- Atzerritarra zarenez, zeintzu dira zure aburuz euskal zientzia eta ikerketaren garapideak dituen mugarik handienak?

Droga, sendagai eta farmazigaien sintesian dauka bioteknologiak erabilpen-eremu jori eta emankorra. Irudian biosintesiz lortutako B12 bitaminaren kristalak.

W.- Osotasunean ezagutzen ez dudan arazo bat kritikatzea eskatzen didazu. hau arriskugarria izan liteke; nere analisia azalekoa gerta bait daiteke. Hala ere, euskal zientzia eta ikerketaren garapenerako mugak izan daitezkeen bi fenomeno aurkitu ditut: lehena, jadanik aipatu dudana, zenbait zientzilariren jarrera negatiboa da, hots bere eskuen kontroletik at dauden arazo batzuk direla kausa, ez dutela ezer lortuko pentsatzea. Hau joera arriskugarria da, autoerrukiko filosofia barneratzen duelako. Bigarrenez, badirudi gehiegizko burokrazia ustela (paper-betetzea, etab.), aurrerabide zientifikoan lanean ihardun nahi duten zientzilarien esfortzuak xahutzen dituena, badagoela.

Paper-betezearen filosofia hau garatzen den heinean, bere burua perpetuatzen du. Egoera hau, alda daiteke. Goi-mailetatik letorkeen benetako norabide-aldaketa behe-mailetarantz iragan daiteke. Honela, ideiak eta proposamenak maila guztietan sortu eta loratuko lirateke. Hala ere, honelako ekintza aurrera eramatea, ez da erraza, botereari lotutako arazo politikoagatik alde batetik eta arazo psikologikoengatik bestetik, zeren eta jendeari aldaketa bortitzek beldurra sortzen bait diote.

Elh.- Euskal Herrian bioteknologiak gerora izan dezakeen garapenari begira zein izan liteke eremurik garrantzitsuena edo arrakastatsuena?

W.- Bada Euskal Herrian baliabide natural berreskuragarri nabarmen bat; zur biguna alegia. Helburu zuzen eta gertu bat zur bigun horren erabilpenean sortzen diren hondakinez baliatzeko teknologiaren garapena izan daiteke. Epe luzeagora, hobe litzateke basoaren ustirapena osotasunean hartzea. Posible da, teknologia egokiak erabiliaz, zurarentzako merkatal balio handiagoko erabilpenak aurkitzea; orain arteko paper-orea edo fruita-kaxena baino hobea bai behintzat.

Hondakinen tratamenduan eta berreskurapenean aplikazio zabala du bioteknologiak. Irudian, metanazio-planta bat. Behien hondakinez probetxatzen da.

Bioteknologiaren etorkizuneko beste arlo bat estolderi uren ustirapena litzateke. Estolderi uren ustirapenak abantail bikoitza izango luke: alde batetik poluzioa txikiagotuko litzateke eta bestetik produktu erabilgarriak lortuko lirateke.

Elh.- Unibertsitatean egiten den ikerketa eta ematen den irakaskuntza, garrantzitsuak dira teknologia berrien garapenean. Nolakoa izan da Euskal Herriko Unibertsitateak sortu dizun inpresioa bioteknologiari gagozkiolarik?

W.- Unibertsitatearen papera bikoitza da. Lehendabizi, ikasleei ezagumendua eta praktika eman behar die. Bigarrenez, ikasleengan kezka piztu behar du beraien berezko talentuak era berri eta berritzaile batez erabil ditzaten.

Euskal Herriko unibertsitateko pertsonen artean badira ikuspegi zabala duten kideak bioteknologian programa egoki eta oparoa eraman ahal izateko. Hala ere, nere Ingalaterrako unibertsitatearen kasuan bezala, bide horretan lor daitekeen arrakasta-maila nabariro baldintzatua dago kanpoko zenbait faktorez; instituzioaren kontroletik at dauden faktoreez; Gobernuaren politikaz esaterako.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia