Bete dute ametsa: lortu dute arrosa urdina
2005/04/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Argazkikoa ordenagailuz bihurtu dugu urdin, ez baitugu oraindik arrosa urdinik ikusi. Baina laster izango dugu horretarako aukera. Izan ere, botanikariek aspalditik lortu nahi zuten hori egin dute Australiako eta Japoniako ikertzaileek, kolore urdineko arrosa, alegia.
Hamaika koloretako arrosak lortu dira teknika tradizionalen bidez, hau da, kolore desberdinetako arrosak gurutzatuz, ondorengoak beste kolore batekoak izatea lortu dute. Horri esker daude arrosa arrosak, gorriak, horiak, laranjak... Urdinik, ordea, ezin lortu.
Orain, eraldaketa genetikoak ezinezkoa zirudiena egin du. RNAi teknologia erabiliz, arrosen dihidrofabonol erreduktasa entzima kodetzen duen genea kendu eta, haren ordez, lirioan entzima beraren baliokidea den genea sartu diote. Hain zuzen ere, gene horrek ematen du kolore urdineko pigmentua. Hartara, arrosak ez du pigmentu arrosa ekoizten, baizik eta urdina.
Lehenengo aldiz erabili dute teknika hau landare komertzialetan. Izan ere, geneak ordezkatzea ez da batere erraza. Normalean, landare transgenikoak egiteko geneak inaktibatu egiten dira, edo beste batzuk sartu. Teknologia honi esker, beraz, beste landare batzuk sortu ahalko dira. Bestalde, arrosa urdinak merkatuan ikusterako, hiru urte pasatuko dira gutxienez.