}

Berundun gasolina merkatutik aurten erretiratuko dute

2001/03/13 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Azken urteotan super gasolina izenarekin saldu den erregaia merkatutik desagertzear dago. Horrela, autoek ez dute berunik isuriko atmosferara. Beruna ezagutzen den konposatu arriskutsuenetako bat da, gorputzean metatzen delako eta osasun-arazo larriak sortzen dituelako. Izan ere, substantzia hilgarria izan daiteke.

Kalitatea handitzeko pozoia

Ibilgailu gehienen motorrean airea eta erregaia zilindroan sartu eta konprimitu egiten dira, txinparta batek leherrarazi eta ibilgailua mugituko duen potentzia eskuratzeko. Hidrokarburo txikiak berehala lehertzen dira eta potentzia gutxi ematen diote autoari. Oktanoek, aldiz, nahiko ondo jasaten dute konpresioa eta potentzia egokia ematen diote motorrari, baina findegietan ez dute oktano purua egiten, besteak beste garestia delako. Horregatik, erregaiak oktanoa eta heptanoa ditu eta bien arteko proportzioa adierazteko izenari zenbaki bat eransten zaio. 95 oktanoko erregaietan hidrokarburoaren % 95 oktanoa da eta % 5 heptanoa; 98 oktanokoetan, ordea, % 98 oktanoa da eta % 2 baino ez heptanoa.

Super gasolina 97 oktanokoa da, eta bere ordezkoa ere oktanaje berekoa izango da, baina berunik gabekoa. Gasolinen oktanajeak gasolinaren kalitatea adierazten du nolabait, oktanaje handiagoak potentzia handiagoa suposatzen baitu.

1930eko hamarkadatik aurrera erregaiaren leherketa era kontrolatuan egin ahal izateko eta oktano-zenbakia handitu ahal izateko, beruna edo manganesoa zuten gehigarriak sartu zitzaizkion gasolinari. Denbora aurrera joan ahala, motorrek erabiltzen zuten erregaiaren konpresio-maila handitu egin zen eta Tetraetil beruna eta antzeko beste konposatu batzuk ohiko gehigarri bilakatu ziren.

30eko hamarkadan ez zegoen oktanajea handitzeko teknologiarik eta gaur egun, teknologia badagoen arren, oraindik ere oktanajea handitzeko metodorik merkeena gehigarriak eranstea da. Baina 1975etik aurrera, ingurugiroaren gaineko kontzientziazioaren ondorioz, erregaietako berun-kantitatea txikitzen hasi ziren, baita berunik behar ez zuten autoak egiten ere. Auto horiek behar dituzten katalizatzaileak motorraren egituraren osagaietan dago.

Bi urteko epea

Europako Batasunak beruna erabat baztertzeko kanpainak jarri ditu martxan eta badira urte batzuk berundun gasolinak merkatutik kentzeko ahaleginetan ari dela. Hala ere, super gasolina oraindik auto askok erabiltzen dute eta bat-bateko aldaketa ezinezkoa da. Trantsizioa errazteko, petrolio-konpainiek gehigarri berezi bat kaleratu dute, super gasolinaren erabiltzaileek berunik gabeko gasolinarekin nahasi eta erregai moduan erabili ahal izan dezaten. Gehigarriak sodio, potasio, fosforo eta manganesoaren gatz organikoak dira. Horrela, bi urteko epea egongo da automobil-parkea berritu eta super gasolina behar dutenak guztiz baztertzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia