}

Berri onak eta txarrak malariari buruz

2002/12/11 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Malaria sortzen duen Plasmodium falciparum bizkarroiaren eta hura kutsatzen duen eltxoaren genomak deskodetu zirenetik, ikerketak ez dira eten. Azken berriak bizkarroiak odol-zeluletara sartzeko dituen mekanismoei buruzkoak dira.

Bizkarroia odol-zeluletara sartzeko, lehenik eta behin, zelularen mintzari lotu behar zaio. Horretarako, bizkarroiak mintzean duen proteina bat odol-zelulak mintzean duen proteina hartzaile bati lotzen zaio; giltza bat eta bere sarraila izango balira bezala. Orain arte, bizkarroiaren proteina eta odol-zelularen hartzaile bana bakarrik zeuden identifikatuta, baina zientzialariek aspalditik susmatzen zuten askoz ere gehiago daudela.

Orain, proteina eta hartzaile berri bana identifikatu dituzte Australian. Plasmodium -ean identifikatu duten proteina berriari EBA140 izena jarri diote. Proteina hori odol-zelulek mintzean duten glikoforina C hartzaileari lotzen zaiola egiaztatu dute, antigorputzekin eginiko saiakuntzei esker.

Estatu Batuetan, berriz, mundu osoan hartutako laginetan EBA140 proteinak dituen bariazioak aztertu dituzte. Lau bariazio ezberdin aurkitu dituzte, eta horietatik bakarrak du odol-zelularen glikoforina C-ri lotzeko gaitasuna.

Horrek guztiak argi uzten du bizkarroiak modu bat baino gehiago dituela odol-zelulei lotzeko. Horrek asko gutxitzen ditu malariaren aurkako txerto bakarra lortzeko aukerak. Zientzialarien esanean, Plasmodium -ak odol-zeluletara sartzeko dituen mekanismo guztiak zein diren jakin arte, ezingo da gaitzari aurre egiteko mekanismorik diseinatu. Beraz, ikertzaileek bide luzea daukate oraindik egiteko malariaren aurkako borrokan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia