}

Berotik ihesi, gorago eta sakonago

2008/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Berotik ihesi, gorago eta sakonago
2008/09/01 | Elhuyar
Dévoluy inguruko (Frantziako Alpeak) Bure tontorra ageri da. Mendiaren magalean, hainbat landare-espeziez osatutako basoak daude. Irudiaren eskuin-behealdeko ertzean, argazki handiekin egindako mosaikoan, basoko ekosistemak ageri dira. Behetik gora, altitudearen araberako banaketa ikus daiteke, beheko estaietatik hasita goi-mendietara; ezkerretik eskuinera, berriz, latitudearen araberakoa, baso mediterraneotik baso epelera. çArgazki txikien mosaikoan, Europaren mendebaldeko mendietako basoetan hazten diren hainbat landare-espezie ageri dira.
(Argazkia: J. Lenoir/Science)

Zientzialariek munduko hainbat lekutan frogatu dute berotze globala espezieak migratzera bultzatzen ari dela, latitudean (polo aldera), altitudean (mendian gora), eta baita sakoneran ere (itsasoan).

Berriki, migrazio horien bi adibide adierazgarri argitaratu dituzte zientzia-aldizkari banatan: Science-n, basoko landareekin, eta Journal of Applied Ecology-n, arrainekin. Lehenengoan, ikertzaileek frogatu dute XX. mendean igo egin zela landareen habitat optimoa; batez beste, hamarkada bakoitzean 29 metro egin zuten gora landareek. Bestean, Ipar itsasoko arrainak duela 25 urte baino 9 metro sakonago bizi direla frogatu dute.

Mendian gora haritza

Frantziako eta Txileko ikertzaileek egin dute elkarlanean basoko landareei buruzko azterketa. Europaren mendebaldeko sei mendigune aukeratu dituzte (Pirinioen ipar-isurialdea, mendebaldeko Alpeak, Erdialdeko Mendigunea, Juraren mendebaldea, Vosges eta Korsikako mendikatea), eta, 0-2.600 metroko garaieran, baso mediterraneo eta epeletan XX. mendean hazten ziren espezieen datuak aztertu dituzte.

Hain zuzen ere, mende horretan, tenperaturen igoera batezbestekoa baino handiagoa izan da Frantzian. Zehazki, 0,6 °C baino gehiago igo da tenperatura XX. mendean, eta igoera are nabarmenagoa izan da 1980ko hamarkadatik aurrera, batez ere Alpeen inguruan, han ia 1 °C igo baita.

Berotze horrek landareetan duen eragina ikusteko, 1905-1985 eta 1980tik aurrera egindako bi inbentariotako 171 espezieren datuak aztertu dituzte. Hala, frogatu dute lehen baino gorago dagoela espezie guztien bizileku optimoa. Hala ere, denek ez dute abiadura berean migratu, eta, beraz, horrek landare-komunitateak aldatzea eragin du.

Satelite bidez hartutako irudi honetan, Ipar itsasoan planktonaren bloom-a ikus daiteke.
NASA

Adibidez, landare belarkarek eta bizi-ziklo laburra dutenek azkar egin dute gora, eta atzean utzi dituzte hazkunde motela duten espezieak, hala nola izei zuria. Horrez gain, errazago igo dira berez mendikoak diren espezieak (Alpeetako basaloreak, adibidez), beste lekuetan ere bizi direnak baino (ipurua). Horren guztiaren ondorioz, ikertzaileak beldur dira sare ekologikoak eten egingo direla, eta animalien eta landareen arteko elkarrekintzan aldaketak eta galerak gertatuko direla.

Ur sakonetan

Ipar itsasoko arrain-espezieei ere eragiten die berotze globalak. Azken 25 urteetako neurketen arabera, itsas hondoko tenperatura 1,6 °C igo da Ipar itsasoan, eta zientzialariek uste zuten espezieek iparraldera migratuko zutela horren ondorioz. Orain, ordea, Britainia Handiko ikertzaileek ikusi dute horren ordez hondoratu egiten direla. Batez beste 9 metro sakonago bizi dira orain, eta badira 35 metro behera egin duten espezieak ere, Lepidorhombus whiffiagonus kasurako.

Ikertzaileak ziur daude berotze globalaren ondorioz ari dela gertatzen fenomeno hori, eta ez arrantzaren presioagatik, arrantzatzen ez diren espezieak ere lehen baino sakonago bizi baitira orain.

1
245
2008
9
013
Ingurumena; Ekologia; Klimatologia
Berriak labur
8

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia