}

Berotegi-efektua kili-kolo

1993/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken urteotan Lurra berotzen ari dela eta larritasun-mezuak maiz zabaldu dira. Gas karbonikoaren kontzentrazioa atmosferan azken ehun urtean % 50 baino gehiago hazi denez, Lurra berotu egingo dela iragartzen duten berriek berehalako justifikazioa izan dute.

Dena den, orain dela gutxi argitaratutako txosten baten arabera, Ipar Poloan tenperaturak igo ez eta jaitsi egin dira. Emaitza honetara heltzeko 1954etik 1990era bitartean estazio errusiarrek egindako 27.000 tenperatura-neurketa aztertu dira. Beraz, eta epe laburrera behintzat, erabat baztertuta geratu da berotegi-efektua.

Datu hauen arabera, itsaso, izotz eta atmosferaren artean dauden elkarrekintzak ez direla ongi ezagutzen ondorioztatu da. Laborategietan egindako neurketen bidez, aipatu gainazal bakoitzarentzat estimatzen den islada-ahalmena ondokoa da: % 10 itsasoarentzat, % 20 lurrarentzat eta % 80 izotzarentzat. Baina laborategietan lortutako balio hauek asko aldatzen dira poloetan.

Epe luzera aurrikuspenak egiteko balioko duten eredu linealak ezartzea arriskugarria da. Gainera, klimatologiaren historian gertatutako zenbait gora-behera ilun dago oraindik. Besteak beste, 1100. eta 1375. urte-bitartean ipar hemisferioko eguraldi epelari esker Erresuma Batuan mahastiak landu ziren eta Groenlandian bikingoek nekazaritzan ihardun zuten; 1450etik 1850era bitartean izotz-aro txiki bat gertatu zen ipar hemisferioan, eta horren eraginez Sena ibaia izoztea oso arrunta zen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia