}

Beroa bai, baina neurrian

2002/07/14 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Eguzkia gogor jotzen hasten denean, etxetik ateratzeko premia bizia sentitzen dugu. Ariketa fisiko gehiago egiten dugu, eta gure azalaren zati handi bat eguzkitan jartzen dugu. Bero egiten du, eta gure gorputza ere berotu egiten da. Orduan jartzen dira martxan gorputzeko hozte-sistemak, gorputza larregi berotu ez dadin.

Animalia homeotermoak urte osoan odola tenperatura egonkorrean mantentzen dutenak dira, horien artean dago gizakia. Gure kasuan 36° eta 37,5° C bitarteko barne-tenperatura da egokiena. Gure gorputzak aktiboki mantentzen du konstante tenperatura hori, hainbat mekanismoren bidez.

Kanpoko tenperatura barrukoa baino freskoagoa denean gorputzak beroa ekoizten du. Baina kanpoan bero egiten hasten denean, gure barnea ere berotzen hasten da. Barne-tenperatura 37,5° C baino gehiago izanez gero, oso arriskutsua da metabolismorako, tenperatura batetik aurrera gure metabolismoaren oinarrizko osagai diren entzimen funtzionamendua okertu egiten baita. Azken finean, entzimak proteinak dira eta proteinek tenperatura altuetan desnaturaltzeko joera dute. Desnaturaltzeak zera esan nahi du: molekulek hiru dimentsioko egitura galdu egiten dutela. Ondorioz, beste molekulekin erreakzionatzeko gaitasuna guztiz galtzen dute, eta metabolismoa hankaz gora jartzeko arrisku handia sortzen da.

Izerdia, gorputzaren freskagarri

Ume txikiak nagusiak baino errazago deshidratatzen dira.

Gorputzaren barne-tenperatura larregi ez igotzeko, garunaren zati batek, hipotalamoak, hozte-sistemak jartzen ditu martxan. Azaletik gertu dauden odol-hodiak, kapilarrak, zabaldu egiten dira eta odol gehiago garraiatzen dute. Aldaketa horrek bihotzak egin beharreko lana areagotu egiten du, eta taupadak azkartu egiten dira. Horretaz gain, larruazalean ditugun izerdi-guruinek ere lan gehiago izaten dute izerdia ekoizten.

Larruazaletik gertu doazen kapilarretan odol gehiago garraiatzen denean, beroa odoletik azalera pasatzen da. Azalean, bero moduan dagoen energia hori izerdia lurruntzeko erabiltzen da. Beraz, barnetik datorren bero hori kontsumitu egiten da, eta gorputza freskatu. Alabaina, lurruntzeko derrigorrezkoa da larruazaletik gertu gutxieneko aire-korronte bat egotea. Airerik pasatzen ez bada, izerdia ezin da lurrundu eta bertan gelditzen da. Hortaz, ez da berorik askatuko.

Edari freskagarriak hidratatzeko ezinbestekoa dira, bereziki kirola egiten denean.

Izerdia da gure gorputzak freskatzeko duen mekanismorik eraginkorrena, bero asko erabiltzen baita izerdia lurruntzeko. Horregatik, askoz ere freskagarriagoa da gorputzarentzat haizemaile bat erabiltzea, edari hotz bat edatea baino. Baina, izerdiak bere funtzioa ondo bete dezan, oso garrantzitsua da arropa egokiak erabiltzea. Ahal den eta nasaienak erabili behar dira, larruazaletik gertu airea pasatu dadin, eta izerdia lurrundu. Gorputzera itsasten diren arropek izerdia xurgatzen dute, baina ez dute lurruntzen uzten, eta, beraz freskatu beharrean gehiago berotzen gaituzte.

Zenbat eta bero handiagoa egin, orduan eta lan gehiago egin behar du gure gorputzak fresko mantentzeko: odol gehiago pasatuko da azaletik gertu eta izerdi gehiago botako du gorputzak. Kalkulatuta dago 37° C -ko giro-tenperaturan, ordubetez eguzkitan jarrita, pertsona batek litro bat ur galtzen duela izerdiaren bidez. Ariketa fisikoa eginez gero, orduko bi litro eta erdi gal daitezke. Ur-galera hori ongi zaintzea komeni da, ezinbestekoa baita gorputzaren hidratazio-maila egokia mantentzea. Uraz gain, gatz mineral eta elektrolito ugari galtzen dira izerdiaren bidez. Galera handia dagoen egunetan, molekula horietan aberatsak diren elikagaiak, frutak eta barazkiak, jatea oso garrantzitsua da.

Beraz, edari freskagarriak aireak baino gutxiago freskatzen badu ere, hidratatzeko ezinbestekoa da

Beroaren ondorio latzak

Izerditzea freskatzeko modu egokiena izateak ez du esan nahi sistema perfektua denik. Azaletik gertu mugitzen den odol-kantitatea igotzen denean, askoz ere odol gutxiago heltzen da muskulu eta barne-organoetara. Horren ondorioz, buruko mina eta nekea ager daitezke zenbait kasutan. Gainera, izerdiaren bidez galtzen den ur-piloa dela eta, odola askoz ere sendoagoa bilakatzen da, eta bihotzak zailtasun handiagoa du gorputzean zehar mugiarazteko. Burmuinak odol nahikorik ez badu, zorabioak gerta daitezke eta, gatz mineralen gabeziaren ondorioz, karranpak sortu muskuluetan. Are gehiago, gorputza freskatzeko arazoak agertzen direnean edo denbora luzez leku oso beroan egonez gero, bero-kolpea izateko arriskua dago.

Bero-kolpearen eraginez gorputzaren hozte-sistemak guztiz blokeatzen dira. Pertsona horrek ezin du gorputza freskatzeko behar den adina izerdi bota eta, gainera, azaletik gertu dauden kapilarrak estutu egiten dira. Horretaz gain, bihotz-taupaden eta arnasaren erritmoa azkartu egiten dira. Ondorioz, beroa ezin da kanporatu, eta larregi berotzeko arriskua asko areagotzen da. Gorputzeko tenperatura 40° C -ra helduz gero, burmuina kaltetua suerta daiteke eta bihotzekoa izateko oso arrisku handia dago. Horregatik, bero-kolpea duen pertsona ahal den eta azkarren eraman behar da ospitalera.

Pertsona nagusiak eta ume txikiak dira beroaren efektuak gehien sumatzen dituztenak. Pertsona nagusiek beroarekiko dituzten erantzun fisiologikoak ez dira hain onak izaten eta bihotzekoak edo arazo kardiakoak izateko arrisku gehiago dute bero handia egiten duen egunetan. Ume txikiek, berriz, beroa kontrolatzeko sistemak ez dituzte guztiz garatuta izaten eta, gainera, errazago deshidratatzen dira nagusiak baino.

Aipatutako arazo horiek guztiak ez gertatzeko, udako egun beroenetan hartu beharreko neurriak oso sinpleak dira:

  • Kolore argiak dituzten arropa nasaiak erabili.
  • Ur asko edan eta ez ahaztu gatz mineralez.
  • Alkoholdun edo kafeinadun edaririk ez hartu, diuretikoak baitira eta deshidratazioa areagotzen baitute.
  • Proteina edo koipe asko duen jakirik ez hartu, horren ordez, otordu arin ugari egin.
  • 37° C –tik gorako tenperaturarekin ez egin kirolik eta lasai hartu eguna.
  • Ahal den guztietan itzaletan ibili.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia