}

Bergarako Erret Mintegia

1997/09/01 Urkizu, Urtzi Iturria: Elhuyar aldizkaria

Historia luzea, emankorra eta, dudarik gabe, interesgarria du Bergarako Erret Mintegiak. Aldizkariari izena eman dioten Elhuyar anaiek, esaterako, bertan eman zituzten eskolak eta, halaber, bertan isolatu zuten wolframioa. Azken urteotan, ordea, itzalpean egon da, ia ezkutuan, eraikin eder hau. Duela urte batzuk bertan balio handiko ehundaka pieza abandonaturik zeudela konturatu ziren. Azkeneko lau urteotan piezak berreskuratzen, garbitzen eta sailkatzen aritu dira eta orain museoa eraikitzeko egitasmoa martxan dago. Urte batzuk igaro beharko dute helburu hori lortzeko, baina guri, egia esatea nahi baduzu, Bergaran ikusitakoak parekorik ez duela iruditu zaigu.
Bergarako Erret Mintegiko pieza-bilduma itzela da. 2.029 pieza ditu guztira eta horietatik 250 dira zientzi mailako instrumentuak.
U. Urkizu

1593. urtean jesuitek eskola sortu zuten Bergarako San Martin de Agirre enparantzako eraikin eder honetan; jesuitek Gipuzkoan sortutako lehen eskola Oñatin zegoen, baina itxi behar izan zutela eta, Bergarara etorri ziren. Hasieran eskolak etxe partikularretan ematen zituzten, behin-betiko eraikina amaitu zuten arte.

XVII. mendearen erdialdean bertan zegoen eliza zaharra bota eta berria egin zuten, jesuiten estilo bereziaz. Jesuitek “Lehen Letrak” (oinarrizko hezkuntza) eta “Humanitateen Eskola” (bigarren mailako hezkuntza) sortu zituzten aldameneko etxean.

1767an Carlos III.ak erresumatik kanporatu egin zituen jesuitak eta eraikina hutsik geratu zen. Garai horretan, bestetik, Real Sociedad Vascongada de Amigos del País delako erakundea sortu berria zen eta, negoziazio luzeen ondoren, etxea eskuratzea lortu zuen. Bere helburu nagusia bertan hezkuntza-zentro indartsu bat sortzea zen eta honako izena jarri zioten: Real Seminario Patriótico Vascongado . Une horretantxe hasi zen eraikinaren garairik ospetsuena eta loriatsuena. Batere hedatuta ez zeuden jakintza-arlo teknikoak bultzatzea zen RSVAP-en helburuetako bat: Mineralogia, Fisika eta Kimika. Garai horretan Kimika modernoaren lehen urratsak egiten ari ziren, zientzilariak alkimia gainditzen hasi baitziren. Parisen horren inguruan oso mugimendu garrantzitsua zegoen eta hemengo zientzilariak berrikuntza horiek guztiak hona ekartzeaz arduratu ziren. Era berean, Parisko eta Europako beste toki batzuetako fisikari eta kimikari ospetsuenak “fitxatu” zituzten eta bertara etorri ziren eskolak ematera eta ikertzera (Proust, Chabaneau eta Tumborg, beste batzuen artean). Arestian esan bezala, Elhuyar anaiak ere hementxe aritu ziren irakasle eta ikertzaile modura.

Laborategi garrantzitsuak egin ziren aldamenean; horietako batean gertatu zen Elhuyar anaien izena eta ospea mundu osora zabaldu zuen aurkikuntza: wolframioaren isolamendua, alegia.

Gerren eraginpean

Giza anatomiako bilduma osatzen duten 7 piezetako bi ikus daitezke argazkian begia eta belarria.
U. Urkizu

1794an, Konbentzioaren Gerra zela medio, Frantziako armada heldu zen bertara eta ikasketa-programa guztiak eten egin ziren. Geroztik lan nekeza izan da orduko indarra berreskuratu ahal izatea. XIX. mendean aldaketa historiko itzelak izan ziren eta makina bat izen jarri zioten hezkuntza-zentroari. Lehen Karlistadan, bestalde, ospital modura ere funtzionatu zuen. 1840an berriro konponketa-lanak hasi ziren hezkuntza-zentroa berreskuratu nahian; laborategiak berregiteko tresneria erruz erosi zen (batez ere Parisen).

Gipuzkoan izan genuen lehen institutua da Erret Mintegia eta garai horretako bakarra. Bigarren Karlistadaren garaian berriro ere itxi egin ziren Mintegiko ateak eta institutua Donostiara lekualdatu zen. 1880an etxea domingotarren esku geratu zen eta bertan bigarren mailako eskola jarri zuten, bilduma garrantzitsuez hornitua berau.

1975. urtera arte izan ziren bertan domingotarrak eta urte horretan bi zatitan banatu zen eraikina. Atzealdean Bergarako ikastola finkatu zen eta aurrealdean UNED. Areto batzuetan aparatuak nonahi ikus zitezkeen, baina inoren ardurapean ez zeudenez, galtzen joan ziren guztiak. 80ko hamarkadaren erdialdean bertan zegoen materialarekin erakusketa iraunkor bat antolatzea lortu zuten bergaratar batzuek. Baina erakusketa ez zegoen etengabeko ikustaldietarako, apurka-apurka berriro galtzen joan zen.

Azken urteotako ahaleginak berreskuratzeko

Museoaz arduratzeko lanpostu-deialdia egin zuen udalak 1992an eta Xabier Aranbururen esku geratu zen. Une horretan bertan zegoen bilduma kudeatzea zen helburu nagusia, baina ezer kudeatzeko modurik ez zegoen Aranburuk ikusi zuen egoera nahasi horretan: segurtasun-neurririk ez, kontserbazio-egoera tamalgarria, hezetasunak erdoildutako metalezko piezak, disekaturiko animaliak onddoek jota edo puskaturik, eta abar luze eta negargarria.

Bergarako Udalaren eta Gipuzkoako Diputazioaren dirulaguntzarik gabe ezingo zukeen proiektuak aurrera egin, baina aitortu behar da bestalde, askoren lanaren emaitza ere badela oraingoz lortu dena.
U. Urkizu

Zenbat pieza zegoen ere, ez zekien inork eta Xabier Aranburuk berak azaldu digunez, hutsetik hasi behar izan zuen: “ Ez genekien zer zen bertan genuena; piezak zein garaitakoak ziren, zer garrantzia zuten... Horrela, lau urtetako plan bat martxan jarri nuen Bergarako Udalaren eta Gipuzkoako Diputazioaren dirulaguntzaz ”. Lehen helburua bildumaren iraupena ziurtatzea izan zen eta bigarrena bildumaren ezagutza minimoa edukitzea aurrera egin ahal izateko. Aretoaren hezetasun-arazoak ere konpontzen hasi ziren; gero piezak garbitu eta tratatu egin zituzten. “ Gaur egun bildumak irauterik izango duela ziurtatzerik badago ”, dio Xabier Aranburuk. Ondoko bost ataletan banatuta dago bilduma:

Zientzi instrumentuak: 250 pieza.
Zoologia: 1.022 pieza.
Giza anatomia: 7 pieza.
Mineralogia: 1.181 pieza.
Paleontologia: 369 pieza.

Bilduma zaharberritzen hasi ziren ondoren eta, bestetik, piezak zehatz-mehatz ikertzeari ere ekin zitzaion azkenik. Horri esker, orain jakin dezakegu zein garrantzitsua den Bergarako Erret Mintegiak gordetzen duen altxorra: “ Ia 2.829 pieza daude bilduman eta horietatik % 91 aztertu ditugu lau urte hauetan. Pieza guztiak inbentariatuta, sailkatuta ditugu eta orain katalogoarekin ari gara lanean, pieza bakoitza xehe-xehe ikertuz. Atal bakoitzean ere berritze-lanak egiten hasi gara ”, esan digu Aranburuk.

Etorkizunerako bilduma prestatzen

Duela lau urte hartu zuen Xabier Aranburuk museoaz arduratzeko erantzunkizuna eta emaitza begibistan dagoen arren, oraindik beste sei urteko lana aurreikusten dute asmoa egi bihurtzeko.
U. Urkizu

Planaren lehen fasea amaituta dago, baina bigarren fasean finkaturiko helburuekin bat, orain etorkizunean zabalduko den museoan jarriko den erakusketako bilduma prestatu behar da. Sei urteko epea ezarri zaio plan horri eta, Aranburuk esan digunez, sailkapena egin beharko da helburu horretara iristeko: “ Dauzkagun piezetatik batzuk garrantzitsuak dira eta beste batzuk, ordea, nahikoa arruntak; horiek aurkeztea ez da garrantzitsua. Batzuk berritu behar ditugu, bain beste batzuen kasua ezinezkoa izango da, oso gaizki baitaude. Azken urtean, aurkezteko moduko bilduma diseinatu egin dugu . Dauzkagun piezen artean aukeratu egin dugu, beti ere, pieza bakoitzak duen egiazko balioa ezagututa.” Atal batzuk osatu egin behar dira gaiaren araberako koherentzia izan dezaten eta, ondorioz, pieza berri batzuk ere lortu beharko dira.

Dena dela, ongi dakite hirugarren fasean, museoa zabaltzen denean, erakusketan ikusi ahal izango diren piezak zeintzuk diren: guztira 686. Egitasmoaren arabera, sei urteotan bilduma hori lortzeko urratsak egingo dira: piezak berritu eta ikerketa sakona egin, gero azalpen guztiak eman ahal izateko: zehazki zer urtekoak diren, nork egin zituen, eta abar. Azken finean, pieza bakoitza bikain ezagutzea da helburua. Orduan egongo dira prest hirugarren faseari buru-belarri ekiteko: erakusketarako areto egokia aurkitu eta museoa zabaldu. Baina gaur egungo aretoak 200 m2 baino gutxiago ditu eta, Aranburuk garbi esan zigunez, nekez egin ahal izango da bertan museoa.

Dagoeneko jakin badakite, etorkizuneko museoak, gaur egungo Bergarako Erret Mintegiko 686 pieza izango dituela ikusgai.
U. Urkizu

Berritze-lanek jende askoren izerdiari esker egin dute aurrera. Lehen fasean, zoologo bat, kimikari bat eta geologo bat izan dira lanean. Zuzentzen eta koordinatzen Xabier Aranburuk dihardu.

Pieza zientifiko gehienak XIX. mendekoak dira, horietarik asko Parisen erositakoak; oso bilduma garrantzitsua da, Euskal Herrian ez baitago parekorik. Euskal Herriko zientzi museoek oso arlo jakinetako piezak aurkezten dituzte; aitzitik, Bergarako Erret Mintegitik sortuko den museoak anitz jakintza-arlotako piezak erakutsi ahal izango ditu. Horrez gain, ez da hutsetik sortuko den erakusketa-sorta izango: mendetako historia izango du aitaponteko museo berriak.

Ez dakigu noiz zabalduko dituen ateak museo berriak; litekeena da urte dezente igaro behar izatea. Baina une hori iristean, bilduma eder eta interesgarria eskainiko zaigula dudarik ez dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia