Behien sekuentziazioa, emankorra

Behien sekuentziazioa, emankorra


Beste animalia baten sekuentziazioa aurkeztu berri dute. Oraingoan, behiaren genoma izan da; zehazki, Ingalaterrako Hereford haragi-behien arrazako ale batena. Ez du balio izan sekuentziatutako espezie-kopuruaren zerrenda loditzeko bakarrik. Abeltzainek, adibidez, beren produkzioa hobetzeko bide gisa ikusi dute sekuentziazioa.

Orain, ezaugarri onak dituzten behi eta zezenak gurutzatzen dituzte (kalitate handiko haragia dutenak, esne asko ematen dutenak eta abar), ezaugarri oneko ondorengoak lortzeko. Ondorengoen ezaugarriak onak edo txarrak diren, ordea, ezin dute jakin askotan zekorra heldu bihurtu arte. Hemendik aurrera, lortzen badute jakitea zein diren banako batetik bestera dauden nukleotido-desberdintasunak, eta identifikatzen badituzte, adibidez, esne asko ematen duten behien berezitasunak, gurutzaketa egin eta berehala jakingo dute ernaldutako behiek nolako ondorengoak izango dituzten.

Irudia:Bart Hiddink

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna