Basque Research webgunea itxi du Elhuyarrek
2015/01/30 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hona hemen itxieraren berri emanez Basque Reserch webguneak argitaratutako oharra, osorik:
"Basque Research webgunearen azken eguna da gaurkoa. Amaierara iritsi da, honenbestez, 2002an Elhuyarren ekimenez eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin sortutako proiektu hura.
Urte luzez, zuen ikerketa-albisteen berri eman diogu gizarteari. Nazioartean ere zabaldu dugu euskal ikerketaren albisterik, erreferentziazko zenbait webguneren bidez: Alphagalileo, Eurekalert, CordisWire, SINC, Innovations-report. Tesien Saria ere antolatu genuen, 2003tik 2009ra. Handik aurrera, CAF-Elhuyar sarietan txertatu genituen tesien dibulgazio-sariak.
Milaka albiste eta ekitaldi argitaratu ditugu 12 urte hauetan: 5.000 albistetik eta beste horrenbeste ekitalditik gora, hain zuzen ere. Egunero, batez beste, albiste bat eta ekitaldi bat baino gehiago. Bestalde, 1.100 harpide ditu Basque Research-en asteroko albiste-buletinak.
Ibilbide oparoa eta zabala izan dela uste dugu. Bidean, Elhuyarren ekarpenez gain, hor daude proiektua finantzatzen lagundu digutenak ere: Eusko Jaurlaritza (SAIOTEK, HEDATU eta IKT deialdien bidez), Gipuzkoako Foru Aldundia eta Espainiako Zientzia eta Teknologia Ministerioa. Guztien laguntza deialdietara aurkeztu dugu proiektua, eta haietatik jasotako dirua ezinbestekoa izan zaigu aurrera egiteko.
Orain, ordea, diru-laguntza deialdi horietako asko desagertu egin dira, eta Jaurlaritzarekin zein beste erakunde publiko batzuekin egin ditugun saiakeretan ez dugu finantziaziorik lortu proiektuarentzat. Aurrera begira, berriz, ez direla laguntza horiek berreskuratuko esan digute.
Itxi egingo da, ezin bestean, Basque Research proiektua. Duela gutxi arte, ordea, inork gutxik aurreikusten genuen egoera hori. 2012an, Basque Research-en komunitatea indartzeko hausnarketari heldu genion, eta proiektua eraldatzen eta berritzen aritu gara ordutik.
Prozesu horren emaitzetako bat webgune berriaren lanketa izan da.Lanak ia amaiturik zeudela jakin genuen kanpoko finantziazio-iturririk gabe geldituko ginela. Beraz, Basque Research-en diseinu berria Interneten izango duzue, baina eduki berririk gabe.
Mila esker urte hauetan zuen konfiantza eta edukiak eskaini dizkiguzuen berriemaile guztiei, gure albisteak lanerako baliatu dituzuen kazetari guztiei, gure edukiak irakurri dituzuen guztiei eta proiektuan parte hartu duzuen lankide guztioi, Elhuyarrekoei zein kanpoko enpresetakoei. Laster berriz elkarlanean aritzeko aukera izango dugulakoan, ondo izan!"
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia