Elhuyar zientziaren komunikazioa

Basoen hondamenean euri azidoa benetako errudun?

1986/10/01 Tapia, Xipitri Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aspaldi honetan, maiz azaltzen da mass mediatan munduan zehar zenbait baso eta oihan euri azidoen ondorioz hil zorian dagoeneko albistea. Denen artean egoerarik larrienean dagoena, agian, Alemaniako Oihan Beltz ezaguna da. Hala eta guztiz ere, denak ez daude ados euri azidoa basoen hondamenaren errudun bakarra denaren eritziarekin. Ondoko lerroetan, kontrako eritzi bat azaltzen dugu.

Hau al da etorkizuna?

" Welt am Sonntag " aldizkari alemaniarrean Stuttgart-Hohenheim Unibertsitateko Botanika-Institutuko Zuzendari den Burkhard Frenzel -i egindako elkarrizketa batean, lehen aldiz argitara eman dira Europako basoak jasaten ari diren gaitz misteriotsuari buruzko ikerketaren emaitzak.

1983. urteko udazkenetik aurrera Frenzel jaunak zenbait zuhaitzen sapan makilatxo antzeko birusak aurkitu zituen; 300-500 nanometroko luzerakoak hain zuzen ere. Birus hauek ez dira ezezagunak landa-gaitzen espezialistentzat. Cech jaunak, txekoslovakiar botanistak, 1961.ean ikusi zituen aipatutako birusak antzeko sintoma aurkezten zuten zuhaitzen sapan. Schmelzer jaunak ere 1966.ean birus berberak aurkitu zituen izeitan.

Nahiz eta harrigarri suertatu, Frenzel-en adierazpenek badirudi gaitzetsi egiten dutela orain arte pentsatu izan dena, hau da, automobilen gasek zutela basoko gaitzen erru nagusia. Beraz, lantegi, zentral atomiko eta automobilen poluitzaileen transformazio-produktuak (hauspeatze azidoak eta fotooxidatzaileak, ozonoa adibidez) ez omen dira agente kaltegarri garrantzitsuenak. Baina hau ezin frogatu izan da orain arte behintzat. Ostera, gaitz berri honen eraginez hiltzen diren zuhaitzek, orain dela hogei edota hogeitamar urte hazteari utzi ziotela ziurta daiteke. Era berean zainak onddo berezi batzuk galduz joan dira, eta noski, gero eta zailagoa gertatzen zaie elikadur substantziak eta ura absorbatzea.

Bidezkoa litzateke ba, arrazoi ezezagun baten ondorioz, gerraz geroztik zuhaitzek beren fotosintesi maila txikiagotu egin dutela pentsatzea eta beraz, intsektu eta parasitoen aurrean indarrik gabe geratu direla. Izan ere, gerra amaitu ondoren Eslovakiatik irtendako intsektu-horiek Mendebal eta Erdi Europako lurraldetara jo zuten eta orduantxe bertan hasi ziren aurreneko arazoak.

Hortaz, poluzioa ez eta intsektuak direla benetako gaizkileak da Frenzel-en susmoa. Ez zuzeneko agente bezala; agente transmisore bezala baizik.

Hala ere birusen eta intsektuen mailan soilik kokatzea eta poluitzaileen eragina baztertzea, itsukeria izango litzateke. Nahiz eta historia honetan poluitzaileen papera neurtzea zaila gertatu, gero eta fidagarriagoa dirudi agente bultzatzailetzat hartzea. Baina poluitzaileen arazoa ez da gaurkoa; urte batzutakoa baizik, zeren eta intsektuen aurka joateko pestizida ugari erabili izan bait da orain baino lehen eta frogatua dago sufrea dagoen lekutan birus kaltegarriak oso ondo garatzen direla.

Bestalde, Frenzel basoen historian espezialista da eta urteek eman dioten esperientziari esker badaki gaixorik dauden zuhaitzek ez dutela sumatzen urte batetik besterako aldaketa meteorologikorik. Behaketa honen arabera bi ondorio atera daitezke:

    Gaitz hau ez da berria, eta Ertaroan, adibidez existitzen zen.
  • Gaitz hau ez da beti hilgarria.

Lehenengo ondorioak, Frenzel poluitzaileen eragina txikiagotzera bultzatzen du. Esan beharra dago, azkenik, Frenzel-ek delako birus kaltegarriak ez zuhaitz gaixoetan bakarrik, gaixorik ez daudenetan ere aurkitu dituela, baina proportzio txikiagoan. Nola eta noiz ba, kalte egiten dute birus hauek?, nola hedatzen eta garatzen dira? Hemendik aurrera, irakurle, zuri dagokizu epaiketa.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia