}

Baserria, euskal nekazaritzaren babesleku mendeetan zehar

1997/12/01 Bengoa Ansa, Aitor Iturria: Elhuyar aldizkaria

Euskal Herriko nekazaritzaren historia aztertzeko garaian, baserria garrantzi handiko elementua izan da. Baserria, etxebizitza gisa edo garai bateko ekonomi erakunde gisa uler daiteke. Alberto Santanak, bere “Baserria” liburuan dioenez, Baserria zentzu ekonomiko zabalenean interpretatzen bada, jatorria Erdi Aroan izango luke.

Behe Erdi Aroan, nekazariena zen gizarte-klase sozial ugariena, baina bigarren mailako biztanleak ziren eta jauntxo bakar batzuen menpe bizi ziren. Garai hartako nekazariak hiru kategoriatan sailka daitezke. Alde batetik, aitonen semeak zeuden. Hauek, landatzen zituzten lurretan eskubideak zituzten eta ez zuten inolako zergarik ordaintzen. Bestetik, nekazari askeak edo erregearen petxariak zeuden.

Hauek ere, lantzen zituzten lurretan autonomia zuten, baina baserriko ustiakuntza ezin zioten senidea ez zenari utzi, eta horrez gain, erregearen zergak ordaindu beharrean izaten ziren. Azkenik, hirugarren taldea, mailarik baxuenean zeuden nekazari-morroiek osatzen zuten. Ez zuten inongo askatasunik eta jauntxoaren baimenik gabe ezin ziren ezkondu. Erdi Aroko baserriak, oholezko txabolak ziren, barneko eskeletoa habeekin eraikitzen zen eta kanpotik oholezko paretak izaten zituzten.

Garrantzi handiko elementua izan da baserria Euskal Herriko nekazaritzan.
Noaua!

Harrizko lehen baserriak, XV. mendean eraiki ziren eta garai hartan nekazari aberatsek bakarrik izaten zuten horrelako eraikuntza egiteko ahalmen ekonomikoa. Izan ere, baserria eraikitzeko hargin-taldeen soldatak ordaindu behar izaten ziren. Haritz-egurra berriz, dohainik eskuratzen zuten herriko basoetan.

XVI. mendean, baserri asko egin zen, harriz eta egurrez. Oraindik badira, garai hartan eraiki eta zutik dirauten baserriak. Balio handiko eraikinak dira; zaharrak izateaz gain, kalitatezko zurgintza eta hargintza baitute. Mota askotakoak ziren, baina denek bi solairu zituzten behekoa, familia eta abereentzat eta goikoa uzta jasotzeko (sagarrak eta garia batez ere). Baserri gehienek, dolarea eta upategia izaten zituzten. Izan ere, XVI. mendea, garai ona izan zen euskal baserriarentzat.

XVI. mendearen bukaera aldera, hiriguneetako merkataritzak eta untzigintzak krisialdia izan zutenean, jende asko baserrira begira jarri zen eta baserri guztiak bete ziren. Askotan zaila izaten zen denentzat lurrak aurkitzea.

Egoera hartan, eta miraria bailitzan, artoa azaldu zen. Honek, gariak baino etekin handiagoa ematen zuen lur-azalera berberean. Artoa sartzearen ondorioz, nekazari aberatsenek baserri berriak eraiki zituzten alogeran eskaintzeko, eta bazter guztietan artoa ereiten hasi ziren. Baso eta otadiak artoa ereiteko garbitu ziren eta abereak ukuiluan denbora gehiago edukitzen ziren. Une gozoak izen ziren haiek.

Garia ordea, ez zen erabat desagertu. Izan ere, nekazariek baserri-jabeak eta eliza gari-anegekin ordaintzen zituzten eta haientzat garia ereitera beharturik zeuden. XVIII. mendean, lurrak karearekin ongarritzen hasi ziren eta kare gehiegi erabiltzeagatik lur asko erre egin zen bazterretan, laborantzarako lur onenak hondatu egin zirelarik.

XIX. mendean lurra goldatzeko sistema berriak asmatu ziren eta, ondorioz, produkzioa asko emendatu zen. XX. mendearen hasieran, metal-, papera- eta ehun-fabrikak ireki zirenean, nekazari askok baserria utzi egin zuen eta berauen balioa asko jaitsi zenez, maizter askok jabeari baserria erosteko aukera izan zuten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia