Barraskilo robotikoa
2005/12/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
MIT Masachusettseko Teknologia Institutuan barraskiloaren mugimendua imitatzen duen robota garatu dute. Lehen ere egin dituzte halakoak, baina oraingoak are hobeto imitatzen du barraskiloa; esaterako, gai da hormak igotzeko eta sabaian itsatsita gelditzeko.
Lurreko barraskiloak duten oin bakarraren giharrak uzkurtuz mugitzen dira. Oinaren azpian muki likatsuzko geruza bat dute, eta, hari esker, barraskiloa ez da atzerantz joaten, giharrak atzetik aurrera uzkurtzen doazen heinean. Uzkurdura oinaren aurrealdera iristen denean, inoiz baino konprimituagoa dago, eta, lasaitzean, aurrera egiten du.
Hori imitatzeko, ikertzaileek egin duten robotak bost zati ditu, eta banan-banan aurrera mugitzen dira gorputzaren ardatzean. Denak aurreratu direnean, gorputza bera mugitzen da aurrerantz, eta, hala, zatiak aurreko tokira itzultzen dira. Horretaz gain, robotak azpian 1,5 mm lodiko gel-geruza bat du, azalera itsatsita gelditzeko. Hau da, barraskiloaren mukiak betetzen duen funtzio bera du.
Barraskiloaren mugimendua azaltzen duen eredu matematiko bat probatzea izan da ikertzaileen asmoa, baina aplikazioa izango duela espero dute.