Baleak babesteko konpromiso gutxi
2003/06/20 Elhuyar Zientzia
Balea-arrantzako Nazioarteko Batzordeak urteroko bilera egin du ekainaren 16a eta 19a bitartean, aurten Berlinen.
Beste proposamen batzuen artean, hauek egin zituzten: balea-arrantzaleen harrapaketei jarraipen zorrotza egitea eta Ozeano Barearen eta Atlantikoaren hegoaldean baleen babesgune bana eratzea. Proposamen horiek bultzatzen zituzten herriek aurrera aterako zirela uste zuten arren, ez da hala izan. Aurkari indartsuenak Japonia, Norvegia eta Islandia izan dira, balea-arrantzaleak hirurak, eta uharte-nazio askoren babesa jaso dute.
Gainera, ez da liskarrik falta izan, eta Japoniak behin baino gehiagotan egin du mehatxu Batzordea utziko duela.
Bileraren ondoren, baleak ez daudela lehen baino babestuago esan dute zenbaitek, baina zetazeo txikiak behintzat egoera hobean daude. Orain arte, balea handiak bakarrik hartzen zituzten aintzat, arrantzaleen helburu direnak, eta, orain, balea txikiak, izurdeak eta mazopak ere ikertu eta babesteko konpromisoa hartu dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia