Bakterio erresistenteen birulentzia handitzen duen gene bat aurkitu dute

NIAID/NIH


Bakterio antibiotikoekiko erresistente batzuk birulentoagoak egiten dituen gene bat aurkitu dute Estatu Batuetako NIAID institutuko ikertzaileek; eta gene hori hedatzen ari dela ikusi dute. Nature Medicine aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren  emaitzak ikerketaren emaitzak.

Staphylococcus aureus metizilinarekiko erresistenteak (MRSA) gero eta arazo gehiago ari dira eragiten mundu osoko ospitaletan. Kasu honetan, Asian zabalduta dagoen andui batean ikusi dute sasX genea duten bakterioak birulentoagoak direla gene hori ez dutenak baino. Bakterioen azaleko proteina bat kodetzen du sasX geneak, eta ikertzaileen esanean litekeena da proteina horri esker bakterioak elkarren artean estuago lotu eta multzo trinkoagoak osatzea, eta, ondorioz, zelula immunologikoentzat erasotzeko zailagoak izatea.

Bestalde, ikertzaileek ikusi dute beste andui batzuetara hedatzen ari dela gene hori. Hain zuzen ere, 2003-2005 bitartean jasotako laginetan, sasX genea zeukaten bakterioen % 95 andui berekoak ziren; eta, 2009-2011 bitarteko laginetan, berriz, % 72ra jaisten da proportzio hori. Oraingoz, Asian dago zabalduta, batez ere, gene hori, baina ikertzaileek ohartarazi dute arriskua dagoela gehiago zabaltzeko, eta proposatzen dute sasX genea kontuan hartzea bakterio horiei aurre egiteko botika edo txerto berriak garatzeko itu gisa.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2006tik Elhuyarren ari da lanean Kultura Zientifikoaren arloan. Elhuyar aldizkariko erredaktorea eta zuzendarikidea da.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali