}

Bakearen kultura

2023/11/29 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

bakearen-kultura
Arg. Pernan Goñi

Ingurumen-krisien eta injustizia sozialen artean lotura zuzena dago. Batzuetan zaila da ikusten, baina jatorri bera dute biek: botere-abusua.

Ingurumen-krisiak ez dira berez etortzen. Esparru sozioekonomiko eta politikoan gertatzen diren gatazkek eragiten dituzte, zeharka. Eta gatazka horien ondorioak, planetak ez ezik, gizaki askok ere pairatzen dituzte: herrialde boteretsuek eragindako zapalkuntzak; pobrezia; genero-arrakala; arraza-, kultura- zein erlijio-identitateagatik gertatzen diren bazterketak; langabezia-tasa handiak; hezkuntza-, osasun- eta elikadurasistemetan azaltzen diren gabezia larriak…

Beraz, ingurumen-larrialdiari heltzeak hura eragin duten auzi sozioekonomiko eta politikoak errotik konpontzea eta bakearen kultura barneratzea eskatzen du, ezinbestean. Onartuta bakea ez dela gatazkarik eza, injustizia eza baizik.

Klima-larrialdiak hainbat auzi azaleratu ditu, erantzun beharrekoak:

  • Herrialde aberatsenek besteen baliabide naturalak kontrolatzen dituzte. Ondorioz, baliabide ekonomiko gutxi duten herrialdeek ezin dituzte beren aberastasunak kudeatu eta nahiko luketen bezala garatu; ez ekonomikoki, ez sozialki. Horren adibide da industria digitalerako Afrikan metalak eta mineralak erauzten dituen mendebaldeko industria.
  • Herrialde aberatsek egindako gehiegikeriak herrialde txirotuek pairatzen dituzte, batez ere. Hego hemisferioan izaten dira klima-aldaketaren ondorioz gertatzen ari diren lehorte eta gosete larrienak.
  • Orain, ingurumen-larrialdiarekin batera, auzi horiei heldu beharko zaie. Ez da zilegi herrialde aberatsenek beste herrialdeen garapena baldintzatzea eta etorkizuna hondatzea.

Botere-abusuaren aurkako ahotsak altxatzen ari dira. Egin diezaiegun tokia ingurumen-larrialdiaren testuinguruan.

Klima-aldaketarekin, planeta ez da desagertuko, baina argi geratu da giza talde batzuk oso gaizki pasatuko dutela. Prest gaude gure sistema ekonomikoa zalantzan jartzeko? Prest gaude gure bizimodua eta gehiegizko kontsumo-ohiturak aldatzeko, edo gure erosotasuna mantentzeko txiroenen ongizatea kolokan jartzen jarraituko dugu?

Planeta egoera larrian egotearen erantzukizuna ez da homogeneoa. Orain, aldaketak egiteko erantzukizunak homogeneoa izan behar du?

Baliabideak mugatuak dira. Nola banatuko ditugu?

Ekofeminismoak ekarpen interesgarria egiten dio ingurumenlarrialdiaren auziari, besteak beste agerian jartzen duelako sistema kapitalista eta patriarkala bera dela naturarekin erlazionatzeko modu erabat desorekatua ezartzen diguna. Agortu arte ustiatzea sustatzen du, eta lotura zuzena ikusten du planetaren esplotazioaren eta emakume zein bestelako talde marjinatuen menderakuntzaren artean.

Ekofeminismoak aldarrikatzen du zenbait kontzeptu berrikusi egin behar direla, hala nola ekonomia, produkzioa, garapena eta lana, ekologikoki eta sozialki jasangarriak izan daitezen. Ekonomiaren erdigunean bizitzaren zaintza jartzen duen modu berean, ingurumen-larrialdi honen erdigunean planetaren zaintza jartzen du.

Naturarekin erlazionatzeko modu desorekatu horren oinarrian antropozentrismoa ere badago. Munduari gure espeziearen begirada hutsetik begiratzeak eraman gaitu beste espezieekiko itsutasunez jokatzera eta gizakien beharrak asetzeko dauden izaki pasibo moduan ulertzera. Bakearen kultura aintzat hartuta, beste espezieekiko dugun harremana berraztertzea dagokigu.

Edukietan sakontzeko, sakatu hemen.

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia