}

Bagdad-en izurrite-arriskua

1991/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

agdad-eko osasun-zerbitzuak erabat kaltetu dira bonbaketen ondorioz. Ordenadoreak apurtuta daudelako izurriteak detektatzea ia ezinezkoa da.

Bagdad-eko osasun-zerbitzuak erabat kaltetu dira bonbaketen ondorioz. Osasun-ministraritzako ordenadoreak apurtuta daudelako eta hirian dagoen ur-eskasiagatik izurriteak detektatzea ia ezinezkoa da.

Munduko Osasun-Erakundeko partaide den Ali Khogali-k dioenez, Bagdad-en gertatutako beherako-kasuak lau aldiz ugariagoak omen dira. Gainera, osasun-ministraritzak jasandako kalteagatik telefonorik gabeko eraikuntza desberdinetara eraman behar izan dira osasun-zerbitzuak. Zerbitzu hauek gerra hasi aurretik informatizaturik zeudenez, ondorioak are eta larriagoak dira.

Edateko uraren hornidura % 5eraino murriztu da, hau da, batezbeste pertsona bakoitzak litro bat ur baino ez du eguneko, premia minimoak asetzeko eguneko 40 litroko estimazioa egiten den bitartean. Zenbait pertsonak Tigris ibaitik zuzenean hartuta edaten du ura.

Egoera honen ondorio zuzena, tifus, kolera eta hepatitisa ugaltzea izango da. Arazo honi aurre egiteko berehalako neurriak hartu dira eta horietakoak dira biztanleriari antibiotikoak eta hidrataziorako gatzak banatzea. Hala ere, banaketa horrek lau aldiz handiagoa izan behar duela dio Khogali-k, izurrite larriak gerta ez daitezen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia