Azukrea oinarri duten janariak: gailetak eta gozokiak
1998/02/01 Lorenzo, Arantza | Uranga, Ane Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zer ote dute jaki hauek gu guztion buruhauste izateko? Hain gozoak dira! Uztea komeni zait, ordea; zergatik gizenduko ote dute hainbeste? Hauen pareko hamaika egoera ezagutuko duzu zuk ere, irakurle. Ba al dakizu, ordea, zergatik ditugun jaki horiek hain gustuko?
Ezin uka daiteke bakoitzak bere gustuak dituela eta, hortaz, zaporeen artean ere, pertsona bakoitzak dituela bere lehentasunak eta “begiko” jakiak. Hori horrela izanik ere, badira bestelako arrazoiak, burutu berri dugun ikerketa batek erakutsi digunez. Haur eta gazteek otorduetatik kanpo horrelako “kutixiak” jateko ohitura handia dutela ikusi dugu ikerketa horretan eta, ñabardurak egin daitezkeen arren, adin-tarte horretara zuzendutako janari-publizitatea jaki horietara mugatzen dela garbi ikusi dugu. Kontsumo handiaren arrazoietako bat horixe dela ondorioztatu dugu ikerketa horretan.
Ohizko azukre zuri eta beltza azukre-kanaberatik edo azukre-erremolatxatik lortzen dira. Produktu hauen osagai nagusia karbohidrato sinpleak dira (sakarosa) eta eraldatzeko errefinatu behar direnez, oso pobreak dira bitamina eta mineraletan. Bestalde, gero eta arreta handiagoa jartzen dugu azukre-kontsumoa mugatzeko, baina era berean, gero eta gehiago ahoratzen ditugu azukrea oinarri duten produktuak, gailetak eta gozokiak bereziki. Esate baterako, haurrek hain gustukoak dituzten gozokien % 95 azukre hutsa da; Frantzian egindako ikerketa batek aireratu duenez, 10 urteko ume batek bere aiton-amonek bizitza osoan hartutako azukre-kopurua gainditu du.
Azukrea ez da, noski, gaileten osagai bakarra; horrez gain, irina, koipea, aromatizatzaileak, gatza edo bestelakoak ere izan ditzakete, gaileta-motaren arabera (marmelada, txokolatea, etab.)
Energi ekarpenari dagokionez, jaki hauek ez lukete pertsona baten eguneko beharren % 10 baino gehiago suposatu beharko. 2.500 kcal-eko dieta batean, 12 azukre-kozkor edota horren ordezkoak (gailetak, txokolatea, kakaoa, edari freskagarriak, gozokiak, marmelada, etab.) kontsumituz lortzen da.
Lagungarria izan daitekeelakoan gure azukre-kontsumoa kontrolatu ahal izateko, ondoko zerrendan jaso ditugu janari desberdinen azukre-ekarpena:
Nerabeak eta alkoholaAzken ikerketek baieztatu dutenez, alkohola maiz samar kontsumitzen dutenen kopurua gutxiagotu egin da, baina kontsumoari eusten omen zaio oraindik adin-tarte jakin batean; honek erakusten digu, beraz, gazte askok oraindik alkohol asko kontsumitzen duela. Madrilen BBB mailako (16 urteko) 994 gazteri egindako inkestaren arabera, % 73,1ek edari alkoholdunak kontsumitzen dituzte, asteburuetan batik bat; gehien kontsumitzen direnak ardoa eta garagardoa omen dira. Sexuaren arabera ez omen dago aldaketa handirik, hau da, kontsumoa antzekoa da emakumeen eta gizonezkoen artean. Bereziki kezkagarria da joera hau adin-tarte horretan hartzen diren ohiturak luzaroan mantentzen direla kontuan hartzen badugu. Gazteen dieta eta osteoporosiaMadrilgo Alcalá de Henares Unibertsitateko ikertzaile-talde batek gazteen jan-neurria aztertu du etorkizunean osteoporosia saihesteko egokia ote den argitzeko. Emaitzek erakutsi dutenez, fosforo-maila egokia omen da, baina dietaren kaltzio- eta zink-ekarpenak ez omen dira beharrak asetzera iristen. Txostenak ondorioztatu duenez, gero eta premiazkoagoa da gazteen ohiturak bideratzea eta bide osasuntsuagoak sustatzea. |
250 ml cola-cao |
5 azukre-kozko |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia