Azkurak bere neuronak ditu
2010/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Azkura sentitzeko ezinbestekoak diren neuronak deskubritu dituzte Washington Unibertsitateko neurozientzialariek. Gainera, minaren neuronekin zerikusirik ez dutela egiaztatu dute.
Berez, erraz bereizten ditugu azkura eta mina, baina zientzialariek ez zekiten nola bereizten dituen nerbio-sistemak. Duela bi urte, azkurarekin lotutako errezeptore batzuk aurkitu zituen ikertzaile-talde berak saguetan (GRPR errezeptoreak, gastrin-releasing peptide receptor), baina emaitza ez zen guztiz erabakigarria izan, errezeptore horiek zituzten neuronek mina ere transmititzen zutela ikusi baitzuten.
Oraingoan, GRPR errezeptoreak dituzten neuronak suntsitzeko bidea topatu dute ikertzaileek. Horri esker, ikusi ahal izan dute neurona horiek gabeko saguek mina besteek bezalaxe sentitzen zutela; ez, ordea, azkura. Beraz, orain dela bi urte susmatutakoa frogatzea lortu dute, eta Science aldizkarian eman dute ikerketaren berri. Zientzialari batzuen ustez, baliagarria izan daiteke azkura arintzeaz gain mina sentitzeko gaitasuna kentzen ez duten sendagai berriak egiteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia