}

Azken aukera pirinioetako hartzentzat

1996/04/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria

FITXA TEKNIKOA Hartz arrea

Mirestutako pizti sakratua eta gorrotatutako etsaia aldiberean. Eskualde honetan mito eta kondaira gehien sortu duen ugaztuna. Dotorea eta zuhurra. Halakoxea da hartza; oraindik ere Euskal Herriko inguru aberatsenak noizbehinka bisitatzen dituen animalia bikaina. Baina ... noiz arte iraungo ote du antzinean zuberotarrek gure arbasotzat hartu zuten altxor honek? Agur esan behar ote diogu ... betirako?

Hain ezaguna izanik eta bere kontserbazioan zertxobait sakontzearren, hartz arreak Pirinioetan dituen ezaugarri berezienak besterik ez ditugu aipatuko. Ugaztun handi honek munduan zehar dituen forma ezberdinen artean, Pirinioetakoa txikienetakoa da, 80 eta 250 kilo bitarteko pisua hartzen duelarik. Elikadurari dagokionez eta hagin zabal eta zapalek erakusten dutenez, orojalea dugu, eta neurri handi batean belarjalea.

Pirinioak, Europako naturgune aberatsenetarikoa dugu. Oraindik ere, hartza bezalako espezie bikainak matentzen dira mendizerra honetan.

Elikaduraren %75-80a belarrak, fruituak eta bestelako landarez osatzen da; beste %25 20a animalia jatorrikoa da. Honen barruan, ugaztunek %12-15a osatzen dute, intsektuek %7-9a eta mikrougaztunek %1a. Aziendek dietaren %6-8a osatzen dutenez, argi dago hartza ez dela azienda-hiltzaile porrokatua, hainbat jendek hori badio ere. Habitatari dagokionean berriz, gizakiaren presioari ihesi, mendiko bazter izkutu eta zailenetan gordetzen da. Oro har oihanetako animalia dela esan dezakegu, baina pagadi, izeidi, pinudi eta bestelako basoez gain, larre alpinoak ustiatzen ditu eta garai batean, gaztainadi eta hariztiak ere bai. Zalantzarik gabe, ekosistema menditarraren osasun onaren adierazle dela esan dezakegu.

Araldia udaberri-bukaeran edo uda-hasieran izaten da. Hain ale gutxi geratzen denez, ar eta emeen arteko topaketak zailak izaten dira, eta hauei etekin handiena ateratzearren, eragindako obulazioa ematen da. Hau da, arrak behin eta berriro estaltzen du emea honen obulazioa eraginez ernalketa gerta dadin. Kumeak (bat edo bi), ama hibernazio zuloan dagoela munduratuko dira. Pirinioetako populazioan, 1989n jaiotakoa eta iazkoa dira azken urteotan baieztatu ahal izan diren jaiotza bakarrak.

Zein da beraz, ugaztun bikain honen egoera eta etorkizuna inguruotan? Europako iparraldean eta ekialdean hartz arrearen populazio sendoak dauden arren, hegoaldean populazio erliktikoak ditugu. Iberiar penintsulan 60-80 hartz daude Kantauriko mendizerran eta 8 ale besterik ez Pirinioetan. Hauetatik, bat edo bi baino ez dira aldizka Nafarroa eta Zuberoako lurraldeak bisitatzen dituztenak. 1995. urtean, adibidez, Erronkaribarreko bi lekutan aurkitu ziren hartzaren aztarnak. Egoera hau ordea, oso bestelakoa izan zen garai batean. Honela, Erdi Aroan espeziea Pirinioetan hasi eta Galiziaraino heltzen zen.

Ordurako ordea, gizakia eta hartzaren arteko lehia hasia zen eta gero eta gogorragoa bihurtuko zen gainera. Humanizazioaren erasoei eutsi ezinik, duela 200 urte inguru Kantauri aldeko eta Pirinio aldeko hartzak banandu egin ziren. Ondoren, XIX. eta batez ere XX. mendean zehar, artzantzak, ehizak, pozoinketek, basogintzak, turismoak eta oro har, ingurune menditarrari ezarritako mota guztietako eraldaketek bertako populazioaren murrizketa ikaragarria eragin zuten. Dirudienez, legez kanpoko ehiza izan da azken urteotan gehien kaltetu duen faktorea.

Espezie honen kontserbazioa ez da nolanahiko kontua. Habitataren eta azken hartzen babesa nahikoa ez, eta ale gehiago sartzeak ezinbestekoa dirudi populazioa bideragarria egiteko.

Horiek horrela, gaur egungo hartzaren egoera hil ala bizikoa da. Azken aleak, Aspe eta Ossau (Biarnon) eta Hecho eta Ansón (Aragoan) bizi dira. Populazio honen iraupenak sekulako garrantzia du eta horretarako ezinbestekoa da habitata bere osotasunean mantentzea. Halabaina hartzarentzat habitat egokia mantentzeko, leku horietan egiten diren iharduera guztiak arautu egin behar dira eta ondorioz, interes ekonomiko asko gainditu edo birbideratu. Prest ote dago jendea horretarako? Ez, noski, euren kalterako baldin bada.

Pirinioetako ingurunea babesteko neurriak bertako bizidun guztien bizi-baldintzak hobetzeko bideratu behar dira, gizakia barne. Faktore hau kontutan hartzen ez duten bide guztiek bertako herritarren kontrako jarrera logikoarekin egingo dute topo, eta nahi eta nahi ez antzu gertatuko dira. Zoritxarrez eta batez ere aziendei egindako erasoak direla eta, hartzak oraindik ere gorrotoa eta beldurra pizten du Pirinioetako biztanle askoren artean. Izan ere, urtetan jasan behar izan dute arazo hau kalte-ordainik gabe.

Gaur egungo egoera oso bestelakoa izanik ere (1981. urtetik hona hartzak abereak erasotu dituen guztietan Gobernua arduratu da kalteen ordainketaz), batzuek nahiago dute hartza euren inguruetatik desagertzea. Argi dago beraz, zaila izango dela hartza eta gizakia ekosistema pirinearrean elkarrekin eta elkarri gehiegizko kalterik egin gabe bizi ahal izatea, baina azken finean, horixe da helburua.

Hartzaren populazioek etengabeegin dute behera Europako hegoaldean. Pirinioetan 8 ale baino ez dira gaur egun gelditzen. Azkenak ote?

Honela bada, etorkizuna iluna da animalia honentzat eta azken urteotan martxan jarri diren proiektuek ez dute hartzaren populazioa egonkortzea lortu. 1995ean jaiotako kumeak itxaropena zabaldu zuen kontserbazionisten artean baina hala ere, inoiz baino hartza gutxiago dauzkagu. Bultzatu den azken ahalegina, Frantziako eta Espainiako estatuek sinatutako LIFE proiektua da. LIFE delako hori, Europan arriskuan dauden espezieak babesteko programa da, eta hartzaren kasuan hauetxek dira proiektu horren ardatzak: habitataren eta azken aleen babesa, populazioaren jarraipena, eta azkenik, informazioa eta sentsibilizazioa bultzatzea.

Proiektu honen barruan, Erdialdeko Pirinioetan, Frantziako aldean, Esloveniatik ekarritako hiru hartz sartzeko asmoa dago aurtengo udaberrian, eta ale gehiago aurrerago. Izan ere, hauxe baita hain ale gutxi dituen populazio hau bideragarria egiteko aukera bakarra. Nolanahi ere, argi gera dadila hartza kontserbatzeko ez dela nahikoa izango ale berriak sartzea, habitataren kalitatea eta lasaitasuna mantentzea ezin bestekoa da.

Hortaz, ikusiko dugu zer gertatzen den inguruotako animaliarik bikainenetako batekin. Dena dela, inoiz baino teknologia aurreratuagoa dugun garai honetan eta ingurugiroa, ekologia eta jokabide “berdeak” inoiz baino gehiago aldarrikatzen ditugunean, gizakiak ez du gaitasunik erakusten espezie hau babesteko.

Espeziea: Ursus arctos
Familia: ursidoak
Ordena: karniboroak
Klasea: ugaztunak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia