}

Aziendak eta klima

1989/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mexiko eta EEBBetako muga-aldean belarra berdeago eta klima gradu batzuk hotzagoa da EEBBetan Mexikon baino. Aziendak maneiatzeko modua izan daiteke desberdintasunaren arrazoia. Tokiko klimak, mikroklimak alegia, oso sentikorrak izan daitezke horrelako faktoreekiko.

150.000 kilometro karratu hartzen duen lurraldea aztertu du zientzilari iparramerikarren talde batek. Landa-behaketak eta sateliteen bidezko teledetekzioa erabili dute. Lortutako emaitzek aditzera eman dutenez, EEBBetan eta Mexikon erabiltzen diren bazkatze-modu desberdinek landaredian muga zorrotza sortu dute Arizona eta Sonora artean.

Iparramerikarrek azienden bazkakuntza mugatua izan dute 1934.az gero. Mexikok ez du antzeko legislaziorik garatu. Arrazoi honexegatik, Mexiko aldeko zolua ageriago dago eta ondorioz azkarrago berotu eta lehortu egiten da udako eurialdiaren ondotik.

Sateliteetatik lortutako datuek erakutsi dutenez, Mexiko aldean eguneko tenperaturarik altuena EEBBetakoa baino 4ºC handiagoa da. Mexiko aldean zoluaren hezetasuna azkarrago desagertzen da. Hodeiak %50-177 aldiz azkarrago eratzen dira Arizona aldean Sonoran baino. Euri-kantitatea ordea berdintsua da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia