}

Axoiak birsortu egiten dira

2001/11/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zientzialariek 200 urte baino gehiago daramatzate nerbio-sistemari buruzko ikerketak egiten, besteak beste, kaltea jasan ondoren lehenera nola ekarri jakiteko.

Hainbeste urteren buruan, kaltea garunetik urrun gertatu denean, axoiak lehenera etortzea ezinezkoa zela uste zuten ikertzaile gehienek. Axoiak birsortzea eragozten zuten eragileak ere atzeman zituzten: molekula inhibitzaileak, astrozitoak eta neurotrofinen gabezia. Hala ere, kaltetutako nerbioak garunetik urrun egonez gero, ez zuten konektatzea lortzen.

Orain, ordea, neurona helduek distantzia luzean axoiak birsortzeko gaitasuna dutela frogatu du Münster-go Unibertsitateko Solon Thanos-ek zuzendutako taldeak. Saguekin egindako esperimentuan, bi operazio kirurgiko erraz batu eta aurrez moztutako nerbio optikoak funtzionaltasuna berreskuratzea lortu dute.

Aurrez egindako beste esperimentu batean, saguen nerbio optikoa moztu eta inguruan hutsune bat sortu zuten, eremu horretako zelulak kaltetuta. Ondoren, nerbio-muturrak josi zituzten. Normalean nerbioa ez da bere onera etortzen, baina, dirudienez, eragindako zauria handiagoa denean, axoiak birsortzeko egoera aproposa lortzen da. Bestalde, Thanos-ek iaz egin zuen ikerketan, nerbio optikoa josi ondoren kristalinoa zauritu zuen eta, sortutako hanturaren ondorioz, axoiak hazi egiten zirela ikusi zuen. Baina bi esperimentuetan, axoiak birsortzea distantzia motzean lortu zen.

Egin berri duten ikerketa horrekin, beraz, pauso garrantzitsua eman da. Dena dela, baditu mugak: teknika ezin da bizkarrezur-muinean erabili; axoiak garuneraino luzatzen badira ere, nahasian gelditzen dira eta ez dira toki egokira iristen. Horregatik, garrantzi handia du kristalinoa zauritzen denean azaltzen diren eragileak atzeman eta identifikatzeak, beste egoeratan erabili ahal izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia