Aurtengo udan... superelikagaiak!
2006/06/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Modako dieta gehienak janari baten inguruan sortzen dira. Janari horrek ezaugarri paregabeak dituelakoan, ez dago beste ezeren beharrik ondo elikatuta egoteko eta, batez ere, argaltzeko. Superelikagaien dietaren oinarrian, ordea, janari asko eta askotarikoak daude. Steven Prattek idatzitako lehen liburuan, hamalau janarik osatzen zuten superelikagaien zerrenda. Hurrengo argitaraldietan beste janari batzuk sartzen joan denez, ordea, zerrenda luzatu egin da.
Denen buruan akai izeneko fruta bat dago. Jatorriz Amazonasko oihan hezekoa da, txikia, biribila eta kolore more ilunekoa. Itxuraz mahats-ale baten antza badu ere, mahats beltzak edo ahabiak baino 10-30 aldiz antioxidatzaile gehiago du.
Antioxidatzaileak modako konposatuak dira. Hamaika ikerketatan frogatu dutenez, gai dira gorputzak sortzen dituen erradikal askeak (osasunerako kaltegarriak) neutralizatzeko. Ondorioz, minbizitik, adinaren ajeetatik eta beste hainbat gaitzetatik babesten dutela uste dute ikertzaileek.
Horretan oinarrituta esaten dute ardo beltza edatea ona dela ―neurrian edanez gero, noski―. Eta horretan oinarritu da elikagaien industria ere produktu berriak sortzeko eta saltzeko. Akaiak, aldiz, berez du antioxidatzaile asko. Horrez gain, fruta gehienak ez bezala, proteinak ere baditu; hortaz, ulertzekoa da superelikagaien liderra izatea.
Antioxidatzaileak eta beste
Akaiaren atzetik, basafrutak, zitrikoak eta tea daude zerrendan, batez ere matcha izeneko te-hauts japoniarra. Denek ere antioxidatzaile ugari dute, eta zitrikoek eta basafrutek baita C bitamina asko ere.
Beste fruta bat ere ageri da zerrendan nabarmenduta: tomatea. Izan ere, antioxidatzaile ahaltsu bat du, likopenoa . Ikertzaileek frogatu dutenez, benetan eraginkorra da hainbat minbizi-motatatik babesteko.
Brokolia ere arrazoi beragatik da superelikagaia, minbizitik babesten duelako, alegia. Gainera, kaltzio eta burdina asko du. Eta lekaleak, berriz, zuntza, kaltzioa eta proteinak dituztelako ageri dira zerrendan.
Arrain urdina eta intxaurrak omega-3 gantz azidoak izateagatik ageri dira, eta zereal osoak, oloa bereziki, odoleko kolesterol-kontzentrazioa neurri egokian izaten laguntzen dutelako. Eta, nola ez, jogurta ere badago superelikagaien artean, ez bakarrik kaltzio asko izateagatik, hesteen bakterio-populazioa kontrolatzeko eta orekatzeko baliagarria izateagatik ere bai.
Denetariko iritziak
Liburuan azaltzen diren elikagai guztiek dituzte osagai onuragarriak osasunerako. Gainera, hori frogatzen duten hainbat ikerketa ere aipatzen dira liburuan. Horrek ez du eztabaidarik sortzen adituen artean.
Hala eta guztiz ere, denak ez datoz bat liburuarekin eta zabaltzen duen mezuarekin. Izan ere, batzuei zerrenda oso itxia dela iruditzen zaie. Haien ustez, gehien ikertu diren janariak bakarrik ageri dira, eta badira beste hamaika, oraindik ikertu gabeak, baina haiek bezain onuragarriak.
Bestetik, liburua irakurrita badirudi superelikagaiak jaten dituenak ez duela arriskurik minbizia , bihotzeko arazoak edo beste hainbat gaitz izateko. Eta hori ez da egia. Elikadurak eragin handia du osasunean, baina ez da eragile bakarra, inondik inora.
Iritziak iritzi, superelikagaien dieta modan dago, eta udako abestiak baino gehiago iraungo duela dirudi.
7K-n argitaratua.