Aurora 2001 proiektuko kideek lehenengo argazkiak igorri dituzte
2001/09/21 Elhuyar Zientzia
Joan den irailaren 4an, Aranzadi Zientzia Elkartea auroren inguruan egiten ari den ikerketa zientifikoaren berri eman genizuen. Proiektu horretako hainbat partaidek Kanadara jo dute auroren argazkiak eta bideo-grabazioak egitera. Eguzkiaren jardueraren eta aurorak agertzearen arteko erlazioa aztertzera joan dira, bai eta auroren ezaugarriak eta sortzen duten eremu magnetikoaren eragina ikertzera ere.
Horretarako, Aranzadiko beste ikerlartzaile-talde bat Miramon Zientziaren Kutxaguneko Behatokitik Eguzki-jarduera aztertzeaz arduratu da. Satelite bidez jasotako datuak aztertu, eta aurorak azaltzeko aukeraren berri ematen die Kanadara joan direnei.
Azken aste honetan hainbat gune aktibo antzeman dituzte Eguzkian, Donostiako ikerlartzaileek igorritako argazkian ikus daitezkeen eguzki-orbainek agerian uzten duten bezala. Normalean, gune aktibo horiek espazioranzko materia-igorpenarekin erlazionaturik izaten dira, eta horiek dira gero, Lurrera iristean, auroren fenomenoa sortzen dutenak.
Egunotan Eguzkian dagoen gune aktibo horietako batean gertatu den fenomeno bortitzaren eraginez, partikula-kopuru handia igorri da espaziorantz, Lurrerako norabidean. Behaketa horretan oinarrituta, irailaren 19ko eta 20ko gauetan poloen inguruko herrialdeetan aurorak ikusi ahal izango zirela adierazi zuen Donostian geratu den ikertzaile-taldeak. Horra hor, Kanadatik bidali duten lehenengo argazkia!
Informazio gehiago honako helbide hauetan:
Aurora 2001
Kanadara aurorak ikertzera
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia