Atomoen magnetismoa manipulatzeko metodo bat, konputazio kuantikoan aurrera egiteko
2013/11/22 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Magnetismoa eta supereroankortasuna konbinatzen ditu ikertzaileek garatutako metodoak, informazioa eskala atomikoak kodifikatu ahal izateko beharrezkoa den baldintza bat betetzeko: atomoaren eragindako ezaugarria luze mantentzea eraldatutako egoeran, informazioa irakurri ahal izateko. Kasu honetan, magnetismoa eraldatuta —atomoaren spinaren egoera— informazioa zein baldintzatan idatz eta irakur daitekeen aztertu dute; zehazki, zer portaera duten zenbait molekula magnetikok supereroale baten gainazalaren ondoan jarriz gero.
Pascualen esanean, spinen bidezko konputazioaren arazoetako bat da spina oso denbora laburrean egoten dela posizio berrian: “Ingurunearekiko elkarrekintza hain da handia, mendean hartzen duela, eta spina jatorrizko posiziora itzultzen da. Modu horretan informazioa metatu nahi badugu, ezinbestekoa da guk ezartzen diogun posizio horrek denbora luzez irautea”
Ikerketa honen bidez, ikertzaileek egiaztatu dute supereroankortasunak magnetismoari “laguntzen” diola, eta idazketa- eta irakurketa-prozesuak errazten dituela. Zailtasunik handiena magnetismoa eta supereroankortasuna aldi berean izatea izan da. Izan ere, atomo magnetikoak deuseztatu egiten du gainazalaren portaera supereroalea. Hori ez gertatzeko, inguratzaile organikotan bildu dituzte. “Atomoak inolako babesik gabe jartzen baditugu, automatikoki, supereroankortasuna desagertu egiten da” adierazi du nanoGUNEko ikertzaileak.
Zailtasun hori gaindituta, esperimentuek egiaztatu dute superroale baten ondoan jarritako atomo magnetiko baten spinaren egoerak 10.000 aldiz gehiago irauten duela eroale arrunt baten ondoan jarritakoarenak baino. 10 ns da denbora hori, nahikoa, “irakurria” izateko. Nature Physics aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia