}

Atomoak ordenatzen disko gogorren nanoimanak egiteko

2013/05/24 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

atomoak-ordenatzen-disko-gogorren-nanoimanak-egite
Burdina-platino aleazioan kobre-atomo gutxi sartuta ere, asko aldatzen da materialaren egitura. ATM mikroskopiozko irudi horietan ikusten da efektu hori. Arg. ©Kai Liu, UC Davis

Burdinak eta platinoak aleazio egokia osatzen dute nanoimanak egiteko, baina tenperatura altuko tratamendua behar izaten da horretarako. Ez da oso eraginkorra. Baina Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek konponbide bat aurkitu dute, eta Journal of Applied Physics aldizkarian argitaratu dute. Aleazioari kobre-atomoak gehituta, nanoimanen atomoak ordenatu egiten dira, prozesua oso tenperatura altuan egin behar izan gabe.
Disko gogor magnetikoen industria ahalegin handia egiten ari da, orobat, disko gogor magnetikoak txikiagoak izan daitezen. Horretarako, diskorean materialean magnetizatzen diren guneak txikiagoak egin behar dituzte, hau da, nanoimanak egin behar dituzte.
Aleazioa egiteko prozedura, berez, burdinazko eta platinozko nanogeruzak egitea da. Beroan egiten dute hori, bi metalak nahas daitezen, eta horren zailtasuna atomoak behar bezala ordenatzean datza. Kaliforniako Unibertsitatekoek bi urratsetako konponbidea aurkitu dute. Lehenik, kobre-atomo kopuru txikiak gehitzen dizkiote aleazioari; kobrearen presentziak burdina eta platinoa ordenarazten ditu, eta nanoimanak sortzen dira. Gero, hozte-prozesu azkarra aplikatzen diote materialari. Kobre-atomoak gehituta, fabrikazioa ez da oso tenperatura altuan egin behar; baina, gutxiago bada ere, aleazioa berotu egin behar da, eta hozte azkarra ere beharrezkoa da atomo bakoitza dagokion tokian gera dadin. Emaitza oso iman txikiez osatutako materiala da, disko gogorrak egiteko aproposa.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia