}

Atom by Atom kongresuaren hasieran, nanozientzia baino gehiago, dibulgazioa nagusi

2009/09/29 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Atzo jarri zen martxan Donostiako Kursaalen Atom by Atom kongresua. Nanozientzia eta nanoteknologia gizarteratzeko asmoa dute, Txema Pitarkek, CIC nanoGUNEren zuzendariak, esan zuen bezala, materia atomoz atomo manipulatzeko gai izateak aukera-mundu berri bat irekitzen baitu.

Kongresuaren lehenengo egunean, baina, ez zuten pisu handirik izan nanozientziak eta nanoteknologiak. Datozen bi egunetan buru-belarri arituko dira adituak gai horiei buruz. Atzokoa, nanoeskalara jaitsi aurreko urratsa izan zen.

Ongietorri-hitzaldia Txema Pitarkek, Pedro Miguel Etxenikek eta Patxi López lehendakariak eman zuten, eta, hitz gutxitan esanda, nanozientzia ikertzearen garrantzia, gizarteak zientzia-kultura izatearen garrantzia, eta ikerketa egitera diru publikoa bideratzearen garrantzia nabarmendu zituzten, hurrenez hurren.

Atzetik, inaugurazio-hitzaldia eman zuen Sir Harold Krotok, 1996an Kimikako Nobel saria irabazi zuen zientzialariak. Gaia zientzia, gizartea eta jasangarritasuna izan zen. Berriz ere, nanozientzia eta nanoteknologia gutxi izan zen Krotoren hitzetan. Baina dibulgazioa, barra-barra; komunikatzeko abilezia izugarria zuela argi erakutsi zuen. Eta pasatu berri den Zinemaldiari ere hainbat keinu egin zizkion.

Sir Harold Kroto, 1996an kimikako Nobel saria irabazi zuen ikertzailea. (Argazkia: Ana Galarraga )

Izan ere, bere bizitzan zeharreko ibilbidetxo bat egin zuen hitzaldiaren hasieran, azaltzeko zer dela eta egin zen ikertzaile. Besteak beste, eskola-garaian aktore izateko eginiko saiakera bat aipatu zuen, eta bere ikaskideekin egindako antzezlan baten argazkia erakutsi zuen. Han, bi pertsonaia nabarmendu zituen; bera eta bere ikaskide bat, eta hauxe esan zuen: "Azkenean ni ez nintzen aktore egin, eta eskerrak! Nire ondokoa aktorea da orain, eta begira zer itxura duen", eta Gandalfen argazkia erakutsi zuen, Eraztunen Jauna film-serieko protagonistarena. Hain zuzen, ikaskide hura Ian McKellen zen, aurten Zinemaldiko Donostia saria jaso duen aktorea. Hori guztia esaten zuen bitartean, gainera, jantzita zeramatzan jaka eta alkandora kendu zituen, eta agerian utzi zuen azpian zuen kamiseta, Ian McKellenek saria jaso zuen egunean jantzita zuenaren berdina zen: Donostia Europako Kulturaren hiriburu izendatzea bultzatzeko egindako kamiseta.

Horrekin, entzule guztiak bereganatu zituen. Hortik aurrera, zientziak gizartean duen garrantziaz aritu zen. Etengabe umore-ukituak ematen zizkion esaten zuenari. Esan zituenak, dena den, pisu handiko gauzak ziren. Esan zuen, adibidez, ikerketak egiteko finantziazioa lortzeko, eskatu egiten dutela bermatzea emaitza emankorrak lortuko direla. Ikertzaileok, ordea, "ez dakigu noraino iritsiko diren egiten ditugun ikerketak". Berak bizitakoa jarri zuen adibide gisa. Nobela jaso zuen fullerenoa aurkitzeagatik, eta gaur egun fullerenoa industrialki fabrikatzen da, "baina guk aurkitu genuenean, izarretako kimika aztertzen ari ginen". Une horretan ez zuten aurreikusi, ezin zuten aurreikusi, zer erabilera izango zituen aurkitu berri zuten hark. "Zientzia ezin da aurrez iragarri; hori horrela da. Ez da nire errua" esan zuen.

Bere ustez kimikak egin dituen ekarpen handienak zein diren ere aipatu zuen: anestesia eta penizilina. Asmatu ziren garaian, onura handia ekarri zioten gizarteari. Arazoak, ordea, aldatuz doaz, eta arazo horiek konponduko dituzten ikertzaileak behar dira. Etorkizuna zientzialarien esku dagoela azpimarratu zuen: "Zientzialaria zarenean ohartzen zara etorkizuna inoren esku egotekotan zure esku dagoela".

Ikerketak egitea, beraz, ezinbestekoa da, eta baita ikerketak egingo dituzten pertsonak egotea ere. Gazteen artean ikerketarako grina sortu behar da etorkizunean ikertzaileak izateko. Aurkikuntza handiak egin dituzten ikertzaileez hitz egitean —Einsteinez, esate baterako—, zaharrak zireneko argazkiak erakusten zaizkiela nabarmendu zuen. "Zientzialari zaharrak ez dira erreferente gazteentzat. Zein da gazteek erreferentetzat jotzen duten pertsonaietako bat?" galdetuz, Tom Cruisen argazki bat erakutsi zuen. "Hau zientzialaria ez, hau zientziologoa da".

Hitzaldia bukatutakoan, jende dezente hurbildu zitzaion, harekin argazkiak ateratzeko asmotan. Hura ere Hollywoodeko izar bat balitz bezala. Oraindik Zinemaldian sortutako giroa uxatu ez den seinale? Auskalo. Krotok, behintzat, ederki antzeztu zuen esateko zuena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia