Attogramo baten inguruko masa neurtzeko sistema garatu dute
2014/01/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Attogramoaren inguruko masa duten partikulak neurtzeko tresna garatu dute Massachusettseko Teknologia Institutuan (MIT). Attogramoa mikrogramo baten milioirenaren milioirena da, eta eskala horretakoak dira birusen, osagai zelular batzuen eta nanopartikula sintetikoen masak. Haien masa neurtzeko aukera ematen du, beraz, MITen garatu duten sistemak.
Ikertzaileek azaldu dutenez, aurretik MITen bertan garatutako beste sistema batean oinarritu dira. SMR izena du sistema hark (suspended microchannel resonator), eta zelulen pareko masa duten partikulak neurtzeko balio du. 2007an aurkeztu zuten, eta partikulak siliziozko kanal baten zehar igarotzen ari direla neurtzen du haien masa. Kanal hori hegal-itxurakoa da, hutsean dago, eta bibratu egiten du. Partikula igarotzean, bibrazioaren maiztasuna aldatu egiten da, eta hortik abiatuta kalkulatzen dute partikularen masa.
Orain, zelulak baino masa txikiagoa duten partikulak neurtzeko, sistema osoa txikitzen joan dira, eta neurria doitzeaz gain, bestelako aldaketak ere egin behar izan dituzte. Adibidez, bibrazioaren jatorria elektrostatikoa izan beharrean piezolektrikoa da oraingoan. Hala lortu dute lehen baino 30 aldiz masa txikiagoa duten partikulak neurtu ahal izatea; zehazki, 0,85 attogramoko bereizmena lortu dute.
Ikertzaileen arabera, sistema gai da 30.000 partikula 90 minututan neurtzeko. PNAS aldizkarian argitaratu dute egindako lana, eta nanomedikuntzan aplikazio oso interesgarriak dituela aurreratu dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia