}

Astronauta amateurra

2001/11/22 Elhuyar Zientzia

Steve Bennett britainiarrak lehen astronauta amateurra izan nahi du, hau da, 'etxean' egindako kohete batez espazioratzen den lehen gizakia izan nahi du.

Kohete esperimentalak probatzeko, Stachaser programa jarri zuen martxan, Manchesterretik gertu, 1992an. Geroztik hainbat kohete jaurti du arrakastaz. 1996an, adibidez, gutxi gorabehera 800 metroko altuerara iritsi zen kohete bat jaurti zuen, eta hiru urte geroago, beste kohete bat 5.500 metro baino gehiagora igoarazi zuen. Ontzien erregaia azukrean oinarritutakoa da.

Orain kohetegileak etorkizunerako proiektuen berri eman du. Hamahiru metroko Nova kohetea 20.000 metroko altuerara jaurtitzeko asmoa du; airean, kohetea bitan banatu eta jausgailu batez eroriko da lurrera. Jaurtiketa hori arrakastatsua bada, tripulazioarekin lehen hegaldia egiten saiatuko da; izan ere etorkizunean espaziora joateko saioa egin nahi du.

Oraingoz, ikerketa-mota horien X saria irabazi nahi du. Hamar milioi dolarreko sari hori espaziora joateko bidean urrats garrantzitsua izango litzateke Bennett-entzat.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia