}

Asmaren kontrako tratamendu berria

2000/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Asma eta antzeko alergiak dituzten pertsonek kortikoideak hartu ohi dituzte gaitzari aurre egiteko, baina kortikoideek albo-ondorio larriak eragin ditzakete, hala nola, osteoporosia, odol-presioaren igoera, kataratak eta umeengan, hazkundea atzeratzea. Estatu Batuetan eginiko hainbat ikerketek anti-IgE–IgE gorputzean daukagun antigorputz bat da eta bera da asma eta alergien eragilea– faktorea asma alergikoaren kontrako botika ona dela frogatu dute.

Hainbat gaixorekin probatu ondoren horietarik ia erdiak kortikoideak hartzeari erabat utzi zion zenbait asteren buruan, eta ez hori bakarrik, gaixoen asmaren aurreko erantzuna ere hobetu egin zen.

Anti-IgE faktoreak IgE antigorputza blokeatu eta odoletik kanpora ateratzen du. Tratamenduak abantaila handiak eskaintzen ditu eta botikaren baliogarritasuna eta segurtasuna frogatzen ari dira orain ikertzaileak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia