}

Artilea ere kontrolpean

1996/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zeelanda Berrian artilearen kalitatea ere kontrolatu nahi dute. Eta lehen ez bezala, orain ordaindutakoa kalitatearen parekoa izango da.

Azken urteotan garrantzi itzela eman zaio janarien kalitatea kontrolatzeari. Joera horren adibide ditugu Euskal Herriko merkatuetan labela itsatsita topa daitezkeen produktuak, hala nola, baserriko oilaskoa, Arabako patata edota Gernikako piper ezagunak. Joera hori ez da bakarrik gure artean nagusitu eta hemendik kanpo ere, Zeelanda Berrian esaterako, kexu dira kontrolaz. Eta bertan, janariak ezezik, artilearen kalitatea ere kontrolatu nahi dute.

Orain arte artile on zein txarraren truke ordain bera jasotzen zuten artzainek eta horregatik, ez zuten grina berezirik agertzen kalitatea zaintzeko. Aurrerantzean ordea, gobernuaren aginduz, ardilarru oro eskanerretik pasaraziz kontrolatuko dute. Teknologia hori garatu duten injineruen hitzetan, ardilarrua laser izpiek arakatuko dute eta hiru irudi osagarri lortuko dituzte. Irudi bakoitzak ardilarruaren akats-mota desberdinak aztertuko ditu, hala nola, zulotxoak, orbainak edo burrukaren seinale diren fluoreszentzia-guneak.

Prozesuak konplexua badirudi ere, laser izpien egitekoa oso sinplea da: giza ikusmenak hutsean atzeman ezin dituen akatsak makina bidez detektatzea, alegia. Pantaila bakar batean hiru irudiak batuko dira eta ikuskariak ardilarrua sei segundotan arakatu ahal izango du. Ondoren, laser izpiek emandako epaiaren arabera, dagokien kalitate-labela ipiniko zaie. Aurrerantzean beraz, Zeelanda Berriko artzainek gogotik egin beharko dute lan ardilarrurik onena lortzeko, lehen ez bezala, orain ordaindutakoa kalitatearen parekoa izango baita.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia