Arteriaren eta zainaren arteko lotura josturarik gabe
2001/03/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Estatu Batuetako Minneapolisko talde batek (St. Jude Medical Anastomotic Technology Group) garatu zuen mekanismo hori. Animalietan, anastomosi koroniarioak 3 minutu baino gutxiagoan eta trebakuntza gutxirekin egin zitzaketela frogatu zuten.
Bernako Unibertsitate Ospitalean lehenengo aldiz probatu dute mekanismoa 61 urteko gaixo batekin eta oso emaitza ona lortu dute. Gaixoak bularreko angina akutua zuen eta bihotzeko ebakuntzan arteria koronarioa bena safenari lotu behar zioten. Mekanismo berriari esker, ez zuten josturarik egin behar izan.
Konektore koronarioa gailu odol-eramaile baten gainean jarritako altzairu herdoilgaitzezko puxika puzgarri bat da. Konektoreak kanpo-hatzak ditu bena-mentuak kateatzeko, eta barne-hatzak arteriaren lumenean sartzeko. Kateter odol-eramaileak, presioa igotzean, aldi berean konektorea puzten du (anastomosia eginez) eta luzera laburtzen du. Horrela, bena-mentua arteria koronarioren aurka estutzen du eta itxitura hemostatikoa lortzen du.
61 urteko gaixoari azaroan egin zioten ebakuntza eta 9 egun ospitalean igaro ondoren eman zioten alta. Eskuz jositako ebakuntzetan baino askoz denbora gutxiago behar izan zuen eta, geroztik, odol-fluxuak erritmo ezin hobea du. Beraz, mekanismo horren onurak agerian gelditu dira eta beste ospitaletan ere erabiltzea gomendatzen dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia