}

Arrotzei eraso edo bereak babestu?

2007/04/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Animalia guztien immunitate-sistemek, bai ornodunenek eta bai ornogabeenek, funtsean, mikrobio patogenoak identifikatu eta hil egiten dituzte. Ornodunen immunitateak, horretaz gain, haien gorputzean bizi diren mikrobio onuragarriak babesten dituela uste du Wisconsin Unibertsitateko ikertzaile batek, mikrobio horiei kalte egitea animaliarentzat ere kaltegarria izango litzatekeelako.
Arrotzei eraso edo bereak babestu?
2007/04/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Artxibokoa)

Animalien eboluzioan bi immunitate-mota nagusi garatu dira, berezkoa eta harturikoa. Berezkoak edozein patogenoren aurrean eragiten du, azkar eta, gehienetan, espezifikotasunik gabe. Harturikoak, berriz, infekzio bakoitzaren aurka eraso espezifiko bat garatzen du, antigorputzak, eta antigorputz horiek gorde egiten ditu aurrerago gorputzean patogeno berdina sartzen denerako.

Berezko immunitate-sistema animalia guztiek dute, eta harturikoa, berriz, ornodunek bakarrik. Harturiko immunitate-sistemak ornodunei zein onura eragiten dien ez dago oso garbi ikertzaileentzat. Askok uste dute ornodunak erresistenteagoak direla mikrobio patogenoen aurrean, immunitate-sistema gehigarri bat dutelako. Ideia horri kontra egiten dion proposamen bat plazaratu du Margaret McFall-Ngai-k, Wisconsin Unibertsitateko ikertzaile batek. Artikulu bat idatzi du esanez ornodunak ez direla erresistenteagoak infekzioen aurrean, ez baitira ornogabeak baino osasuntsuagoak eta ez baitituzte ornogabeek baino infekzio gutxiago jasaten. Haren ustez, harturiko immunitate-sistemak funtzio garrantzitsuagoa betetzen du ornodunentzat onuragarriak diren mikrobioak zein diren ezagutzen eta babesten, kaltegarriak diren mikrobioei erasotzen baino.

Mikrobioak animalietan

Mikrobio bat bizidun jakin batentzat patogenoa edo onuragarria den esatea ez da erraza, bien artean ez dago muga argi bat jartzerik. Batzuk bai, onuragarriak dira, eta beste batzuk patogenoak. Badaude ez onurarik ez kalterik eragiten ez dutenak ere, eta beste batzuk onuragarriak dira kopuru mugatu batean dauden bitartean, baina, neurriz kanpo hazten badira, kaltegarriak izatera irits daitezke.

Animalia guztiek dituzte mikrobioak beren gorputzean. Mikrobio horietako batzuk animaliarekin batera bizi dira, eta besteak, berriz, denbora-tarte batean bakarrik egoten dira gorputzean. Animaliarekin bizi den mikrobio-komunitateari mikrobiota esaten zaio.

Makrofago bat, berezko immunitate-sistemaren osagaietako bat. Barruan, berriki barneratutako bakterioak ditu. Berak suntsitu ditu.
(Argazkia: AEBko Osasun Irudien Bilduma Publikoa (PHIL))

Komunitatea eratzen duten mikrobioak ez dira kaltegarriak animaliarentzat, ez behintzat ohiko egoeran dauden kopuruetan. Are gehiago, egoera normalean, animaliaren eta mikrobiotaren arteko harremana mutualista da; hau da, elkartzean partaide guztiek ateratzen dute onura: mikrobioek ostalaritik bizitzeko ingurune egokia lortzen dute, eta ostalariak mikrobioetatik batez ere elikagai jakin batzuk eskuratzeko ahalmena, eta mikrobioek eragindako infekzioetatik babestea, neurri batean behintzat.

Ornodunen immunitatea

Animalia guztiek duten arren mikrobiota, desberdintasun handia dago ornodunen eta ornogabeen mikrobio-komunitateen artean. Ornodunek oso mikrobiota konplexua dute. Milaka bakterio-espezie dituzte larruazalean, ahoan eta hesteetan banatuta, eta populazioak bilioitik gorakoak dira. Norbanako bakoitzaren mikrobiota nahiko egonkorra izan ohi da, banako bakoitzak gutxi gorabehera konstante mantentzen du bere mikrobio-konposizioa.

Egonkortasun hori harturiko immunitate-sistemak bermatzen duela uste du McFall-Ngaik. Azaldu duenez, mikrobio-komunitateetan espezieak norgehiagoka bizi dira, bakoitza besteen artean gailendu nahian. Ornodunek hain komunitate konplexua dutenez, lehia horretan, mikrobioek eragotzi egiten diete elkarri gehiegi haztea, eta denen artean nolabaiteko oreka mantentzen dute. Era berean, mikrobiotarenak ez diren espezieak, besteak beste, mikrobio patogenoak, haztea zailtzen dute. Baina zerbaitek oreka hori hausten badu, immunitate-sistema martxan jartzen da, komunitatea orekara itzularazteko.

Ornogabeen immunitatea

Ornogabeen kasua oso bestelakoa da. Hesteetan dozenaka mikrobio-espezie eduki ditzakete, baina zortzi baino gutxiago dira organismoaren mikrobiotaren osagai. Beraz, ornogabeetan mikrobio arrotzak dira nagusi, eta askotan izaten dute mikrobio berrien inbasioren bat. Mikrobio arrotzak kopuru mugatu batean mantentzeko, ornogabeak berezko immunitate-sistemaz baliatzen dira (immunitate-sistema hori ikertu ahala, ikusten ari dira uste baino konplexuagoa dela, eta batzuetan patogenoen aurkako eraso espezifikoa ere garatzen duela).

Txertoek gaixotasunen aurrean babesten dute, harturiko immunitate-sistema patogenoen aurkako antigorputzak ekoiztera bultzatzen baitute.
(Argazkia: AEBko Osasun Irudien Bilduma Publikoa (PHIL))

Berezko immunitate-sistemaren erasoak mikrobiotari kalterik ez egiteko, ornogabeek mikrobiota babesten dute. Ikertzaileek ez dituzte oso ongi ezagutzen, baina hiru babes-estrategia posible identifikatu dituzte.

Zenbait ornogabe-espezietan ikusi dute animaliek zelulen barruan gordetzen dituztela haientzat onuragarriak diren 1-3 mikrobio-espezie, berezko immunitate-sistemaren erasotik salbu. Beste batzuetan ikusi dute ostalariak mikrobiota fisikoki isolatzen duela, konposaturen batekin (adibidez kitina) egindako estalki baten bidez. Identifikatu duten hirugarren estrategian ikusi dute batzuetan berezko immunitate-sistema gai dela ornogabeen mikrobiota urriaren zenbait osagai ezagutzeko.

Mikrobiota babesteko estrategia horiek ez dira ornodunetan ageri. McFall-Ngaik uste du horrek adierazten duela ornodunek mikrobiota babesteko beste estrategia bat dutela, harturiko immunitate-sistema, alegia. Uste du, gainera, azkenaldiko aurrerapen teknologikoei esker, posible izango dela ideia hori zuzena den edo ez ikustea.

Lakar Iraizoz, Oihane
3
230
2007
4
032
Mikrobiologia; Eboluzioa; Zoologia; Osasuna; Anatomia/Fisiologia
Artikulua
26

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia