Arrautza frijitua eta ingurunea
2001/07/19 Astobiza, Amaia
Baten batek, aurrekoa irakurrita, hau pentsatuko du: hori besterik ez genuen behar! Baina Torontoko Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, teflonez egindako zartaginak asko berotu eta erretzean ingurunean luze irauten duten konposatu toxikoak eratzen dira.
Teflona fluoropolimeroa da; berotzean, deskonposatu eta, besteak beste, azido trifluoroazetikoa sortzen da. Azido hori oso geldoa da, ia ez du erreakzionatzen, eta lurrean eta uretan luze irauten du. Gainera, troposferako ozonoaren deskonposaketa eragiten du.
Lehen, fluoropolimeroen ordez klorofluorokarburoak (CFC) erabiltzen ziren. Horiek estratosferako ozono-geruza desegiten zuten, hau da, atmosferako goi-geruzetako ozonoa. Montrealgo Protokoloaz gero (1987), ordea, CFCen erabilera murrizteko bidean da eta, horren ordez, beste konposatu batzuk erabiltzen dira. Horien artean dago teflona, baina, dirudienez, hori ere ez da guztiz garbia.
Hainbat adituren arabera, hala ere, ez dago zertan larritu, aireratzen den azido trifluoroazetikoa ez baita nahikoa ingurunean kaltea eragiteko. Baina zu, badaezpada ere, kontuz zartaginarekin!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia