“Lehen minbizia heriotza zen; orain, berriz, minbizi-mota batzuk kroniko bihurtzea lortu dugu”
2014/11/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?
Nire ibilbidean eragin handiena honek izan du: ikustea minbizi batzuk kroniko bihurtu direla. Lehen minbizia heriotza zen, zuzen-zuzenean, ez zegoen irtenbiderik, eta orain, berriz, minbizi-mota batzuk kroniko bihurtzea lortu dugu. Hau da, pronostikoa ez da halabeharrez txarra beti, paziente asko aurrera ateratzen dira, eta minbizia izan baino lehenago zuten bizimoduarekin jarrai dezakete gutxi gorabehera. Ez dugu guztiz sendatzea lortzen, baina bai kroniko izatea.
Ni bularreko minbiziarekin hasi nintzenean, 1970eko hamarkadaren amaieran, ez genituen motak bereizten, denak berdinak zirela pentsatzen genuen. Duela 15 bat urtetik, ordea, badakigu bularreko minbiziak 6-7 direla, eta bakoitzak du bere tratamendua. Gainera, askotan, ez dago kimioterapiaren beharrik. Oraingo tratamenduak askoz ere zehatzagoak eta leunagoak dira: antigorputz monoklonalak, terapia bideratuak... Eta hori guztia genetikak ekarri digu: genetikan izan diren aurrerapenei zor diegu minbiziaren ezagutza eta terapiak hobetzea.
Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?
Bada, minbizi-mota guztiak kroniko bihurtu edo, are gehiago, sendatu ahal izatea. Ezinezkoa iruditzen zait minbiziaren aurkako txertoa lortzea, minbiziaren sorreran ez baita kausa bakarra egoten, faktore askok eragiten dute. Eta ezin zaie denei aurre egin txerto bakar batekin. Zoragarria izango litzateke, e? Baina nik ez dut uste posible denik.
Baina zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago egin ahalko da prebentzioan, eta orduan eta tratamendu zehatzagoak eta eraginkorragoak garatuko dira. Minbizi-mota guztiak sendatzeko modua izatea, edo, sendatzen ez badira, kontrolpean izatea, hiesarekin gertatzen den bezala. Hori litzateke nire ametsa edo esperantza.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia