Arrainak odoleko plaketak kontserbatu egiten ditu
1996/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hemorragiak gerarazteko plaketak askotan erabiltzen dira transfusioetan, baina gordetzen direnean, zoritxarrez, bost egun baino gehiago ez dute irauten. Globulu gorriak ez bezala, izozten zailak dira plaketak.
Tenperatura 18 ºC-tik behera jaisten denean, beren fosfolipidoek likido izateari utzi eta gel itxura hartzen dute. Molekula batzuek besteek baino azkarrago burutzen dute trantsizio hori, eta zelulako mintza porotsu bihurtzen da, kaltzio-molekulek ihes egiten dutelarik.
Irtenbidea itsaso izoztuetatik etor daiteke ordea. Izoztearen kontrako agenteak dituztelako, arrain batzuek beren gorputz izoztuetako ura jelatu gabe mantentzen dute. Kaliforniako ikertzaile batzuek Ozeano Artikoko arrainen odoletik glikoproteinak atera eta horiekin batera disoluzioan plaketak utzi dituzte. Plaketak 5 ºC-tan hogeita bost egunez kontserbatu dira, glikoproteinek izozte-tenperatura jaitsi egiten dutelako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia