Ariketa fisikoaren onura funtzio kognitiboan mikrobiotaren bidezkoa dela frogatu dute

2025/08/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ariketa-fisikoaren-onura-funtzio-kognitiboan-mikro
Sagu ar baten hesteen mikroargazkia. Arg. Elisa Cintado eta José Luis Trejo/CNC-CSIC

Jakina da ariketa fisikoa neurrian egitea lagungarria dela neurona berriak sortzeko eta gaitasun kognitiboak hobetzeko. Orain, Espainiako Cajal Institutuko ikertzaileek (CSIC) frogatu dute mikrobiotak funtsezko parte-hartzea duela horretan. Hain zuzen, sagu ereduekin egin dituzten esperimentuetan, ikusi dute neurriko ariketa fisikoak (40 minutuko korrika-saioa, abiadura ertainean), batetik, hesteetan bizi diren bakterioen dibertsitatea hobetzen duela, eta, bestetik, horren ondorioz gertatzen direla aldaketa neuronalak. Adibidez, neurona berriak sortzen dira hipokanpoan; memoriarekin eta ikasketarekin lotutako eremuan, alegia. 

Bakterio onuragarrien artean, Acetatifactor generokoak eta Lachnospiraceae familiakoak nabarmendu dituzte ikertzaileek. Horrez gain, ariketa fisikoaren zer neurritan den onuragarria ikusteko, beste esperimentu bat egin zuten: ariketa egin ez zuten saguei, ariketa intentsitate ertainean eta gogorrean egin zutenen mikrobiota transplantatu zieten. Lehenengoen transplantea jaso zutenei hobekuntza kognitiboa nabaritu zitzaien; ez, ordea, intentsitate gogorrean aritu zirenen transplantea jasotakoei. eBioMedicine aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta egileek espero dute baliagarria izango dela neuroendekapenezko gaitzak eta asaldu kognitiboak tratatzeko xedea duten terapia berriak sortzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia