Pascual Diago Matematikaren Didaktikako irakaslea eta ikertzailea da Valentziako Unibertsitatean (UV), eta ezaguna egin da txantxa bategatik. Diagok aitortu duenez, iruzurretik ere badu txantxa horrek, baita mendekutik ere. Izan ere, argitalpen zientifiko batzuen jokabide antietikoa salatzeko, artikulu faltsu eta zentzugabe bat argitaratu du, haietako batean. Horra iristeko bidea kontatu dio Elhuyarri, tarteka barrez, eta, era berean, serio, argitalpenen ustelkeria zientzia-sistemaren arazo nabarmenetako bat baita.
Diagok matematika-ikasketak egin zituen lehenik, baina didaktikan hasi aurretik, astrofisikan doktoratu eta arlo horretan ikertu zuen. “Izugarri gustatzen zitzaidan, asko gozatzen nuen. Alabaina, garai hartan, 2008-2009 urtean, oso zaila zegoen plazen kontua. Baneukan Parisko behategira ikertzera joateko aukera, baina nik orduan ez neukan inolako gogorik kanpora joateko. Zer gertatu zen? Bada, sasoi hartan, Valentziako Erkidegoan, unibertsitate pribatu digital bat ireki zutela, eta hango master batean hasi nintzen irakasle-lanetan. Gero matematikako graduan ere behar zuten, eta geroago didaktikakoan. Horrela urrundu nintzen astrofisikatik eta sartu nintzen didaktikan”, gogoratu du.
Argi utzi du, hori bai, didaktika ere gogoko duela. Hasteko, zaletasuna gaztetatik datorkio, ikasgai partikularrak ematen baitzituen. Gainera, unibertsitate digital hartan didaktikako irakasgai gehiago esleitu zizkiotenean, berariazko didaktiketako master bat egitea erabaki zuen. Horri esker sartu zen Valentziako Unibertsitatean: “Justu masterra amaitzean, 2015-2016 inguruan, Valentziako Unibertsitatean plaza batzuk sortu ziren Matematikaren Didaktikan. Eta arloa gustuko dudanez, eta lan-baldintzak hobeak direnez unibertsitate publikoan, aurkeztu egin nintzen”.
«argi dago artikuluak argitaratzea ezinbestekoa dela aurrera egiteko akademia-munduan»
Dena dela, gaur egun ere jarraitzen du astrofisikako liburuak eta artikuluak irakurtzen, eta arlo hartan egindako ikerketei esker lortu zuen seiurteko bat. Bigarren seiurtekoa, berriz, didaktikaren arloan atera zuen, eta hirugarrena ere hala eskatuko omen du, datorren urtean.
Kontuak kontu, argi dago artikuluak argitaratzea ezinbestekoa dela aurrera egiteko akademia-munduan, eta horrela iritsi da txantxa mendekari hori egitera: “Asko kostatu zitzaidan titularitatea lortzea, inon idatzi gabeko irizpideren bategatik. Artikulu baten datarekin zuen zerikusia, baina bidegabea zen. Azkenean plaza lortu nuen, baina arantza geratu zitzaidan”.
Txantxa serioa
Hartan zela, aldizkari predatzaile baten mezu elektronikoa iritsi zitzaion, artikulu bat argitaratzeko aukera emanaz, diru-truke. “Aldizkaria obstetriziakoa zen!”, esan du, barrez.
“Gutxienez, bazuten begiratzea nori bidaltzen zioten eskaintza, ezta? Hain lotsagarria iruditu zitzaidan, erabaki nuen hobe nuela txantxetan hartu. Hala, ChatGPTri abstract bat idazteko eskatu nion. Emaitza erabat absurdoa zen, ez zeukan ez hankarik ez bururik: haurdunen txirrintak, matematikaren didaktikarekin nahastuta. Baina onartu egin zidaten, eta artikulu osoa eskatu. Orduan, berriz ere adimen artifizialaren laguntzarekin, artikulu zientifiko baten itxura zeukan gauza zentzugabe bat prestatu nuen, gezurrezko erreferentzia umoretsuekin eta asmatutako izenekin (Sneakydez, Trickón, Sneakarez, Hoodvez, Cheatillo…), argi uzteko txantxetakoa zela. Eta, hala ere, onartu egin zuten!”.
Azpimarratu du ez zeukala argitalpen horretatik inolako etekin akademikorik ateratzeko asmorik; horregatik, Pascual Chiago ezizenarekin eta asmatutako kargu batekin bidali zuen: Matematikaren eta Obstetriziaren Didaktika Saileko irakaslea.
«hasiera batean zentzuzkoa izan zitekeen arren, arriskutsua bihurtu da, jokabide antietikoa bultzatzen baitu»
Bere kasua Retraction Watchen azaltzea erabaki zuen. Erakunde horrek atzera botatako artikuluen berri ematen du; batzuk akatsak dituztelako baztertzen dituzte, eta beste batzuk (gero eta gehiago), iruzur egiteagatik.
Diagok artikulu iruzurtiak argitaratzea zeinen erraza den frogatu du, eta, bide batez, agerian jarri du sistema ustelduta dagoela: “Halaxe dio esapideak: Publish or perish (argitaratu ala hil). Eta horrek ekarri gaitu hona. Oso bidegabea da, eta, argitaratu beharra, hasiera batean zentzuzkoa izan zitekeen arren, arriskutsua bihurtu da, jokabide antietikoa bultzatzen baitu”.
Bidegabekerien artean, ama izan berri diren zientzialarien adibidea jarri du Diagok: “Orain ari da aldatzen hori, baina ama izan diren ikertzaile batzuek, tarte batez, ez dute argitaratzerik izan, eta, ondorioz, karrera akademikoan atzean geratu dira. Eta gauza bera gertatzen zaie zaintza-lanak dituztenei, edo ikerketatik aparteko beste eginkizun batzuk. Ematen du horretan ari direnean, ez direla ezertan ari, baina hori bizitza erreala da, eta inportantea da”.
Diagok ere “bizitza errealagatik” utzi zuen astrofisika. Hala ere, oso gustura dago matematiken didaktikan, eta hor jarraitzeko asmoa du, bestelako gauzak ere egiten dituen bitartean. Hori baita egiazko bizitza.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



