Argiak eragindako bultzadari behatu diote
2011/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Argiak objektuak bultza ditzakeela frogatu dute, aireak objektu aerodinamikoak bezala
New Yorkeko Rochester Teknologia Institutuko ikertzaile-talde batek Nature Photonics aldizkarian jakinarazi duenez, frogatu egin dute aireak gainazal aerodinamiko batean eragiten duen bultzadaren parekoa eragin dezakeela argiak. Argiarekin modu eraginkorrean mugitzen den egitura "argidinamiko" ( lightfoil ) bat ere deskribatu dute.
Profil argidinamiko baten portaera aerodinamiko baten antzekoa litzateke. Alde batean bestean baino presio handiagoa izan behar dute bi profil-motek, indarra, eta, horren ondorioz, mugimendua, sortzeko. Profil aerodinamikoen kasuan, airea azkarrago pasatzen da goiko aldetik beheko aldetik baino, eta horrela sortzen da presio-desberdintasuna.
Argiaren kasuan, ikertzaileek ordenagailu bidezko azterketetan ikusi zuten erradiazioak ere antzeko efektua izan dezakeela objektuen kontra jo eta islatzean edo objektuak zeharkatzean. Zilindroerdi-itxurako hodietan, gainera, efektua bereziki eraginkorra dela ikusi zuten. Izan ere, ordenagailuan ikusi zuten hodietan jotzen duen argiaren zati handi batek norabide elkartzuta hartuko lukeela objektutik ateratzean. Hala, alde horretan sortuko litzateke erradiazio-presiorik handiena, bai eta bultzada ere.
Ordenagailuak ondorioztatutako hori egia ote zen probatzearren, mikrometro gutxi batzuetako luzerako eta zilindroerdi-itxurako plastikozko hodi-multzo bat uretan jarri, eta azpitik gora laser izpiak igorri zituzten. Hodiak gorantz mugitu ziren, laser argiak eragindako lebitazio optikoak eraginda, baina, horretaz gain, alde baterantz ere joan ziren. Mugimendu perpendikular hori bultzada optikoak eragin zuela adierazi dute ikertzaileek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia