Argazkilari profesionalak nonahi
2001/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
NASAk garatutako teknologia berri baten bidez, argazkilari amateurrek maila profesionaleko argazkiak atera ahal izango dituzte. Sistema horren izena Retinex Imaging Processing da; hasieran, urrunetik Lurreko argazkiak hartu ahal izateko pentsatua zegoen, baina ohiko kontsumitzaileentzat ere erabilgarria izanzitekeela ohartu zirenean, TruView Imaging enpresak NASAren lizentzia lortu zuen, ohiko argazki-kamerei sistema hori gehitzeko. Sistema horrek gizakion ikusmenaren ezaugarriak imita ditzake; horregatik, argazkian norbera paisaia hori ikusten ariko balitz bezala ikusten da.
Sistema digitala erabiltzen denean, nahiz eta argazkilaria oso profesional ona izan, nahigabe ere kolorearen kalitatea galdu egiten da. Retinex sistemak, aldiz, akats horiek zuzendu egiten ditu automatikoki. Era horretako irudi-manipulazioa lehendik ere oso hedatua dago, baina eskuz kontrolatu behar da. Retinex sistemarekin, ordea, dirdira, kontrastea eta kolorea automatikoki zuzentzen dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia